Errusia Batua alderdiaren kongresuko mintzagai nagusia ez da izan zein indarrek itzal egin ahalko dion, kongresuaren egutegian iragarri zuten bezala, baizik eta Vladimir Putin berriz ere heldu den urteko bozetarako presidentegai izango den. Azkenean argitu dute, eta espero zena baieztatu: Putin izango da, ezustekorik gertatzen ez bada, Errusiako hurrengo presidentea, eta Dmitri Medvedev egungo presidentea Legebiltzarrerako zerrendaburua.
Putin 2008an presidentetzara bigarren aldiz jarraian aurkeztu ezin zenez, Medvedev babestu zuen gobernuburu izateko, eta hainbat analistak diote aurkariek Putinen txotxongilotzat aurkeztu zuten arren Medvedev indartuz joan dela, eta Putini aurre egin nahi izan diola. Alferrik, ordea. Lilia Xevtsova analistak dioenez, «soilik errusiarren %14 uste dute Medvedev dela benetako presidentea; Putinek jarraitzen duela Errusiako agintaria izaten».
Errusia Batuaren kongresua atzo amaitu zen, garaipen giroan, buruzagi sendoaren izendapenaz gain, boterea kolokan paratuko dion indarrik ez duelako ikusten. «Gaur egun ez dago alderdirik boterea eskuratu dezakeena herrialdeari hondamendia sortu gabe, geurea izan ezik», erran zuen Dumako presidente Boris Grizlovek.
Abenduaren 4an izanen dira Errusian parlamentua (Duma) osatzeko hauteskundeak, eta 2012ko martxoan, berriz, presidentea hautatzekoak. Oposizioa Errusia Batuarekin lehiatzeko indarrik gabe dago, hein handi batean gobernuak ezartzen duen kontrolagatik, eta, oposizioaren arabera, demokrazia ez errespetatzeagatik. Azken asteetan Errusiako hainbat pertsonaezagunek egoera salatu dute. Adibidez, Juri Luzhkov Moskuko alkate ohiak. «Errusiako alderdi guztiak agintearen txotxongiloak dira. Soilik Alderdi Komunistak aurre egiten dio, baina arrakastarik gabe».
Luzhkov ez da, gainera, Alderdi Komunistako kidea, inondik ere ez. Putinen alderdikidea zeniaz arte. Medvedeven lidergoa zalantzan paratu zuen, eta presidenteak kargutik kendu zuen dekretu bidez, konfiantza galera legezko formula erabiliz.
Aurkaririk ez
Errusia Batuak, estatu aparatuak eta hedabideak kontrolatzeaz gain, hauteskunde sistema ere neurrira egina du. Parlamentuan sartzeko, botoen %5 gainditu beharra dago, eta bozetan bi alderdi edo gehiago elkarrekin joatea debekatzen du legediak. 2007ko bozetan, Errusia Batuaz gain, soilik hiru alderdik gainditu zuten botoen %5. Horietan, Alderdi Komunistak lortu zuen gehien: %11,5, Errusia Batuaren %64tik urruti.
Parlamentuko laugarren alderdiak, Bidezko Errusiak, egoera iraultzeko proposamena egin die komunistei. «Aliantza» bat proposatu die, baina elkarrekin aurkeztu gabe, legea ez hausteko. Alderdi Komunista, ordea, aztertuko duela erran arren, hagitz eszeptiko agertu da. Izan ere, Bidezko Errusiak, bere burua ezkerrekotzat duen arren, hainbat kontraesan ditu. Nabarmenena, azken urteetan Errusia Batuarekin izan duen elkarlana. Botere esparruak ere lortu zituen aliantza horren bidez; Senatukoa, adibidez. Putinen alderdiarekiko elkarlan horren ondorioz, baina, Bidezko Errusiak jarraitzaileak galdu ditu, eta, horren ondorioz, baita estatuko hainbat erakundetan zuen boterea ere.
Alderdi Komunistako idazkari nagusi Genadi Ziuganovek baldintza argi bat paratu dio Bidezko Errusiaren proposamenari: Errusia Batuarekin aliantza eten, eta baliabide naturalen eta industria eta ekonomiaren sektore estrategikoak nazionalizatzeari buruz erreferendum bat egiteko duen iritzia argitzea.
Legeak fronteak osatzea debekatu arren, duela hilabete batzuetatik Putin Errusia Guztirako Herri Frontea prestatzen ari da. Diskurtso nazionalista duten indarrak bildu nahi ditu, baina guztiak Errusia Batuaren zerrendan aurkeztu beharko lukete, aipatutako legea ez urratzeko. Rodina alderdi xenofoboak baiezkoa eman dio aste honetan bertan. Bozetatik harago, baina, enpresariak eta bertzelako elkarteak bildu nahi ditu Putinek frontean.
Errusiako presidentegai izango da berriz Vladimir Putin
Lehen ministroak, berriro auzkezteko debekua amaituta, ez du Medvedeven beharrik izango gobernatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu