Errusiako Senatuak aho batez onartu du Vladimir Putin presidenteak Sirian esku hartzeko eginiko eskaera. Horrenbestez, Errusiako armadak airez esku hartzeko bideari ateak ireki dizkiote. Dena dela, nazioarteko arautegia errespetatuz eta airez soilik esku hartuko lukeela zehaztu du Serguei Ivanov Errusiako gobernuko kabinete buruak.
Ivanovek adierazi du Siriako presidente Baxar al-Assadek laguntza eskatu eta gero etorri dela erabakia.
Reuters berri agentziak AEBetako iturriak aipatuz zabaldu duenez, jada hasi dituzte bonbardaketak. Homs hiriaren inguruan izan dira leherketak, berria agentziaren arabera.
Atzo, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorraren 70. saioa baliatu zuten Barack Obama AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak aurrez aurreko bilera bat egiteko. Bien arteko lehenengoa da duela bi urtetik. Siriako gerra eta EI Estatu Islamikoari aurre egiteko beharra izan dute mintzagai nagusia, baina ez dira ados jarri ordu eta erdi baino gehiago iraun duen bileran. «Uste dut errusiarrek ulertu dutela garrantzitsua dela Sirian irtenbide politiko bat egotea, baina desadostasunak ditugu prozesu horren inguruan», adierazi du Etxe Zuriak bileraren ondotik. Putinek, berriz, esan du Obamak «zintzo eta eraikitzaile» jokatu duela bileran.
Baxar al-Assad Siriako presidenteak jokatu beharreko rola da AEBen eta Errusiaren arteko eztabaidagai nagusia. Obamak atzo NBEren egoitzan egindako jardunaldi batean errepikatu zuen Al-Assadek boterea utzi beharko lukeela. AEBek antolatuta, ehun herrialde inguruk parte hartu zuten EIren inguruko eztabaida batean. Obamak azaldu zuenez, bilera hori nahi du izatea muturreko talde islamista sunitaren aurkako «mugimendu global baten hasiera». Errusiak ez zuen ordezkaririk bidali, eta Vitali Txurkin NBEn duen ordezkariak, gainera, gogor kritikatu zuen ekinbidea. «NBEri dagozkion eskumenak hartu nahi dituzte AEBek».
Kerry-Lavrov bilerak
Obamaren eta Putinen arteko bilera adostasunik gabe bukatu bazen ere, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak jakinarazi dute Siriari buruz eztabaidatzeko elkartzen jarraituko dutela. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, berriz, orain arteko jarrera leundu du, eta adierazi du Al-Assadek boterea mantendu lezakeela «trantsizio aldi baterako». AEBetan, Donald Trump errepublikanoen presidentegai izateko faboritoak esan du ados dagoela Errusiak Sirian esku hartzearekin.