Errusiako Togliatti hirian zortzi lagun hil dira autobus batean izandako leherketan

«Eraso terrorista» izan dela ziurtatu dute agintariek, baina hipotesi gehiago ere badaude zabalik

2007ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Errusia hegoaldeko Samarako eskualdeko Togliatti hirian atzo goizean autobus batean gertatu zen leherketaren ondorioz, zortzi lagun hil ziren eta beste 51 zauritu. Agintariek «eraso terrorista bat» izan dela adierazi dute, baina beste zenbait ikerketa lerro ereegon daitekeela ohartarazi dute hainbat iturrik.

Eztanda, atzo 08:00ak inguruan gertatu zen, autobus baten barnean, hau Togliatti hiriko erdigunean bidegurutze batean zegoelarik.Leherketaren ondorioz, autobusean zihoazen zortzi bidaiari han bertan hil ziren eta beste 51 zauritu egin ziren; 42 lagun inguruko osasun etxe eta erietxetara eraman behar izan zituzten. Zauritu gehienek erredurak zituzten.

Zartatzearen eragin larrienak autobusean zihoazenek pairatu baldin bazituzten ere, kalean aurkitzen ziren hogei bat herritar ere zauritu egin ziren. «Leherketa hau, jendez gainezka zegoen autobus batean eta lagun asko hara-hona ibiltzen diren orduetan gertatu dela aintzat harturik, atentatu terrorista baten hipotesia hobesten dugu», adierazi zuen FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko tokiko arduradun Juri Rojinek. Poliziaren artezilariek eginiko lehen azterketen arabera, bi kilo TNTren potentziako lehergailu batek zuen zart egin. Ondorioztatze hauekin batera, Samara eskualdeko gobernadore Valdimir Artiakovek iragarri zuen «ekintza terrorista» bati buruzko ikerketa ireki dutela.



NAHIGABEKO LEHERKETA. Alabaina, Interfax prentsa agentziak aipatu du Poliziako iturri baten arabera, leherketa honen jatorria ez dela beharbada horren argia izan. Iturri honen ustez, bada beste hipotesi bat: autobus barnean zihoan bidaiariren bati akasogainean zeraman lehergailua istripuz zart egin zitzaion. Togliatti hirian aurkitzen dira Errusiako auto fabrikatzaile handiena den AvtoVaz enpresaren plantak. Jarduera honi lotutako auto piezen inguruko trafikoa oso hedatuta dago eta honetan lehia zorrotzean daude hainbat talde antolatu. Hauek, behin baino gehiagotan, lehergailuak baliatu izan dituzte euren arteko lehia horretan.

Hargatik, azken bi asteetan Errusiako garraiobideetan gertatu den hirugarren leherketa izan zen atzokoa. Joan den urriaren 25ean, Samarako eskualdean baita ere, leherketa bat jazo zen autobus batean, baina ez zuen biktimarik eragin. Odola isuri zen, aldiz, bi egun lehenago Dagestanen. Autobus batean izan zen orduan ere. Leherketa batean, lagun bat hil zen eta beste zortzi zauritu ziren. Iragan agorrilaren 14an, berriz, Mosku eta San Pertersburgo artean lotura egiten duen trenean jazo zen leherketa batean, 60 bidaiari zauritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.