Vladimir Putin Errusiako presidenteak Defentsa Ministerioari agindu dio Siriara bidalitako "militar kopuruaren zati handiena" bihartik erretiratzen hasteko. Irailaren 30ean Siriako Gobernuaren alde hasitako kanpaina militarraren helburuak "orokorrean beteta" daudela erran du. Baxar al-Assad Siriako presidenteak eskatuta sartu zen Errusia gerran, eta, Kremlinen arabera, gaur arratsaldean bertan mintzatu dira bi presidenteak auziaren inguruan. Bi buruzagien ustez Errusiaren esku hartzeak "aldaketa sakona" eragin du gerraren norabidean.
Putinek berria jakinarazi du Genevan (Suitza) gatazkaren irtenbide negoziatua lortzeko elkarrizketen bertze ekinaldi bat hasi den egun berean. Staffan de Mistura NBEren Siriarako mandatariak adierazi du "eskuragarri dagoen B plan bakarra gerrara itzultzea" dela. Siriako Gobernuko ordezkarien elkartu da gaur, eta bihar biltzekoa da oposizioko HNC Negoziazioetarako Batzorde Gorena koalizioarekin. Kurduen miliziak eta indar politiko nagusiak biltzen dituen koalizioa oraingoan ere ez dute gonbidatu. Elkarrizketa prozesuaren babesle diren herrialdeek "terrorista" izendatuta dauzkaten taldeak, EI Estatu Islamikoa eta Al-Nusra Frontea, ez dira prozesuaren parte.
Otsailaren 27tik indarrean da su-eten bat, EI eta Al-Nusra ez bertze taldeen artean.