Tbilisi eta Mosku artean piztutako krisia areagotuz doa. Georgiak kartzelatu egin zituen atzo espioitzaz akusatutako lau militar errusiarrak. Errusiak, berriz, ordezkari diplomatikoak erretiratu zituen. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak lasaitzeko deia egin die bi herrialdeei.
Errusiako Larrialdi Egoeretarako Ministerioko bost hegazkinetan iritsi ziren hiriburura ordezkari diplomatikoak eta euren senideak. Errusiak herenegun iragarri zuen herrialdean zituen diplomatikoak bertatik aterako zituela. Erabaki gogor hori hartu zuen Georgiak joan den asteazkenean, lau militar errusiar atxilotu ondoren, «espioitzan» jardutea akusatuta. Arrazoi berarengatik, beste militar errusiar bat ere atxilotu nahi zuen Georgiak, baina hura Tbilisin kokatutako Errusiako armadaren Kaukaso Hegoalderako egoitza nagusian babestu zen. Georgiako armadak, orduz geroztik, inguratuta dauka kuartela.
Georgiak egindako espioitza akusazioak «erokeriazko asmakizun hutsak» direla salatu du Moskuk. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eraman nahi du auzia. Vitali Txurkin Moskuk NBEen duen enbaxadoreak iragarri zuen Georgiaren aurkako salaketa testu bat aurkeztuko zuela gaur bertan Segurtasun Kontseiluan.
Errusiaren erantzun irmoari muzin eginda, atxilotutako lau militar errusiarrak auzipetu eta kartzelaratu egin zituen atzo Georgiak -atzo epaitu zituzten- . Mikhail Saakacvilik Georgiako presidenteak harridura azaldu egin zuen atzo Moskuren erreakzioari dagokionez -2004. urteko urtarrilean iritsi zen agintera Saakacvili-.
«LEGEZ KANPOKO EZER EZ DUGU EGIN». Saakacvili presidenteak «histeria» horren atzean zer zegoen ez zuela ulertzen adierazi zuen: «Georgian zeuden Errusiako diplomatikoen eta euren senitartekoen kontra ez zegoen inolako mehatxurik, gure herrialdeak nazioarteko arauen arabera jokatzen duenez gero». Errusiako militarren atxiloketak komentatzean, berriz, presidenteak zera azaldu zuen: «Legez kanpoko ezer ez dugu egin; gure demokrazia gerizatu eta estatua babestu besterik ez dugu egin, herrialde demokratiko guztiek egiten duten bezala».
Gatazka hau hizpide izan zuten Esloveniako Portoroz hiriko bainuetxean bilduta zeuden NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdetako Defentsa ministroek. Hauekin elkartu egin zen, hain zuzen, Errusiako Defentsa ministro Sergei Ivanov. Honek, giroa baretu baino, akusazio larriak egin zituen NATOko estatu kide batzuen kontra. Zehatz aipatu ez bazituen ere, herrialde hauek «NATOn berriki sartutakoak» zirela argitu zuen.
Hala, nahiko argi geratu zen Ivanovek salatutako herrialde hauek, aurretik Sobiet Batasunaren menpe zeudela eta, orain, NATOko kideak direla. Georgiari armak legez kanpo hornitzen dizkiotela salatu zuen, aldi berean, Ivanovek: «NATOko kide hauek nazioarteko arauak urratzen dituzte». Errusiako Defentsa ministroak, herrialde horiek «gaiztakeri hutsean» dihardutela gaineratu zuen. Ivanoven ustez, Georgiak haizatu nahi ditu oraindik bertan geratzen diren Errusiako armadako indarrak, Tbilisiren menpetik at gelditu nahi duten Abkhazia eta Hego Osetia herrialdeen aurka militarki lasaiago jokatzeko asmoz.
NATOko idazkari nagusi Jaap de Hoop Schefferrek «neurriz eta zuhurtziaz» jokatzeko deia egin zien atzo Moskuri eta Tbilisiri.
Errusiako ustezko lau espioiak kartzelatu ditu Georgiak
NATOk lasaitzeko deia egin die Tbilisi eta Moskuri; bien artean piztutako krisia, baina, areagotuz doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu