Inork aitortzen ez duen estatu honetako presidentea da Sergei Bagapsh. Georgiak gerrako kriminala dela dio. Vladimir Putin Errusiako presidentearen argazkia apalean daukala hartu gaitu, eta abkhaziar itzultzailea izan arren, errusieraz egin dugu elkarrizketa.
Errusiaren txotxongilo gisa aurkezten zaituzte georgiarrek: estatu independentea eratu nahi duzue ala Errusiarekin bat egin?
Guk gure estatu independentea eratu nahi dugu. Batzuek Errusiako zati izatea nahi dute, egia da, baina gehienok independente izan nahi dugu. Errusiarekin harreman bikaina daukagu, bai, eta hala jarraituko dugu: gure auzo handia da, merkataritza kide garrantzitsuena, eta egoera zaila izan denean, gerra ostean eta blokeoan, Errusiak eman digu laguntza.
Noizko espero duzue aitorpena?
Tamalez, gai hori ez da Abkhazian erabakiko, Europa eta Estatu Batuetako politikariek bi neurri darabiltzatelako. Herrialde batzuk independente izan daitezke eta beste batzuk ez. Baina uste dut urtarriletik martxora argituko dela auzia. Guk ez dugu gure onarpena Kosovokoarekin lotzen, baina, noski, Kosovo aitortzen badute, aurrekaria izango da guretzat. Eta Europako politikariek eta adituek esaten dutenean ez dutela estatu gehiagorik nahi, gogorarazi nahi diet II. Mundu Gerraren amaieran munduan ez zeudela ehun estatu ere, eta gaur berrehun direla. Estatuak zelan eratu erabakitzeko beste hurbilketa bat behar da ukazioaz haratago, bestela suntsiketa eta gatazka izango ditugu.
Georgiako urtarrileko hauteskundeek aldaketarik ekar dezaketela uste duzu?
Edonor hautatuta ere, gurekiko harremana ez da aldatuko. Azaroko istiluak aurreikusten genituen, ezagutzen ditugu georgiar agintariak eta beti jokatzen dute berdin. Georgian ez da inoiz egon hautaketa demokratikorik, Zviad Gamsakhurdia Eduard Shevardnadzeren estatu kolpeak kendu zuen, eta Saakashvilik Arrosen Iraultzan lortu zuen boterea. Politikan lehendabizi etxeko arazoak konpondu behar dituzu, eta gero hasi Abkhazia eta Hego Osetiako jendearekin. Estatu honek gerra jasan du, jende asko hil zen eraso bati egin dio aurre, eta negoziazioak ondo hasi ziren 1994. urtean, baina Tbilisik ez die jaramonik egin akordioei eta probokazioa eta terrorismoa baino ez dugu ikusi. Elkarren auzo gara eta hori ulertu behar dute, auzo harreman onak komeni direla, Txekian eta Eslovakian legez. Herri zibilizatuak arazorik gabe bereizi daitezke.
Baina georgiarrak ziren hemen gehiengo, eta ez daukate etxera itzultzerik.
Horren gerra odoltsuaren ostean iheslariak itzuli diren herrialde bakanetakoa da Abkhazia. 55.000laguni utzi diegu itzultzen Gal eskualdera. Hori borondate ona eta eskuzabaltasuna da, eta gehiago ere itzuliko dira, gerran parte hartu ez bazuten behintzat. Baina argi esango dizut, ez da hori eztabaidagai nagusia. Abkhaziaren estatusa konpondutakoan, iheslariena ere laster konponduko da. Kosovon 3.500 serbiar baino ez dira itzuli, eta inork ez du galdetzen non diren gainontzekoak.
Sotxiko Olinpiar Jokoengatik pozik agertu zarete, baina zenbait elkartek «Genozidioaren Olinpiar Jokoak» deitu die, 1864ko gerra gogoan. Barkamena eskatu behar du Errusiak?
Oso antzinako kontua da hori, eta ez dakit zergatik eskatu beharko luketen barkamena gaurko agintariek duela 150 urte gertatu zenagatik. Hartara jarrita, gauza bera egin beharko lukete beste herri askok. Nik argi daukat Sotxiko Olinpiar Jokoak aukera ezin hobea direla Abkhaziarentzat.
Abkhaziera ofiziala bada ere, errusiera da jaun eta jabe Abkhazian.
Abkhaziera garatzeko programa daukagu. Konstituzioaren arabera, estatu hizkuntza da, ederra litzateke denek hitz egingo balute, baina kontuz, erabakia atzera botatzea ere gerta liteke, hau herrialde multietnikoa baita. Hizkuntza txikiak bultzatzea oso zaila da, baina badakigu hizkuntza galtzea gure nazio eta etnia nortasuna galtzea dela; horregatik, hizkuntzaren aldeko pauso guztiak emango ditugu.
«Errusiarekin harreman ona dugu, baina independentzia nahi dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu