GERRA UKRAINAN

Errusiaren azken erasoak Ukrainako milioi bat lagun utzi ditu argindarrik gabe

Kieven esanetan, duela bi urte inbasioa hasi zenetik energia azpiegituren aurka egindako erasorik handiena izan da. Zelenskik ohartarazi du aireko defentsa sistema gehiago behar dituztela bonbardaketei aurre egin ahal izateko.

ERRUSIA. BONBARDAKETA. UKRAINA
Suhiltzaile bat, gaur, borbardaketek Zaporizhian suntsitutako etxebizitza bloke baten aurrean. KATERINA KLOTXKO / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 22a
14:00
Entzun

Ukrainako energia azpiegituren kontra azkeneko bi urteotan egindako erasorik handiena egin du gaur goizaldean Errusiak, eta, horren ondorioz, milioi bat lagun inguru argindarrik gabe geratu dira herrialdearen luze zabalean. Datu hori eman du Ukrenergok, hango operadore elektriko nazionalak. Hain zuzen, Ukrainak Errusiako dozena erdi inguru findegiri egindako azken erasotik astebetera izan da bonbardaketa. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak nabarmendu du aireko defentsa sistema gehiago behar dituztela Errusiaren erasoei aurre egin ahal izateko.

Kieveko iturri ofizialek jakinarazi dutenez, Errusiak 90 misil eta hirurogei drone jaurti ditu Ukrainako bederatzi probintziaren aurka. Kharkiv hirian, herrialdeko hiri handienen artean bigarrenean —ekialdean—, nozitu dituzte batez ere argindarrik gabe geratzearen ondorioak. Bestalde, Khmelnitski probintzian —erdialdean— bi pertsona hil dira, eta hamalau zauritu, Igor Klimenko herrialdeko Barne ministroak jakinarazi duenez. 

2022ko otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Errusiak behin baino gehiagotan egin ditu Ukrainako energia azpiegituren aurkako eraso masiboak, baina iturri ofizialek adierazi dute gaurkoa izan dela denetan handiena, erabilitako drone eta misil kopurua aintzat hartuta behintzat.

«Aireko defentsa sistemak beharrezkoak dira jendea, azpiegiturak, presak eta etxeak babesteko. Errusiaren misilek ez dute atzerapenik; gure estatuarentzako laguntzak, ordea, bai», kexatu da Zeleneski, Telegramen. AEBen Patriot aireko defentsa sistemak eskatu ditu, bide batez. Ukrainari 50.000 milioi euroko diru laguntza bat ematea onartu zuen Europar Kontseiluak otsailean, baina Etxe Zuriak laguntza militarrean eman asmo dion 60.000 milioi dolarreko diru sail bat —55.000 milioi euro inguru—, ordea, blokeatuta dago AEBetako Kongresuan.

Errusia, «gerran»

Errusiak gaur goizaldean jaurtitako 150 drone eta misiletatik 92 erorarazi ditu Ukrainak, iturri militarrek adierazi dutenez. Horrek esan nahi du aireko defentsa sistemen eraginkortasuna %60 ingurukoa izan dela; iaz, batez beste, %80ko eraginkortasuna zuten. The Daily Telegraph Erresuma Batuko egunkariak hil hasieran Ukrainako armadako iturriak aipatuz kaleratu zuenez, Errusiak jaurtitako bost misiletik bat erorarazteko gaitasuna du egun Kievek. 

Bestalde, inbasioa hasi zenez gerotik aurrenekoz, Errusiak gaur esan du «gerran» daudela, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen ahotik. «Bai, operazio militar berezi baten moduan hasi zen, baina Mendebaldea kolektiboki Ukrainaren partaide bihurtu denetik, gerra bat bihurtu da, egiazki», adierazi du Errusiako Argumenti i Fakti astekarian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.