Independentzia aldarrikatzearekin bat, 48 orduko epea eman zien astelehenean Igor Strelkov Donetskeko Herri Errepublikako milizietako buruak Ukrainako polizia eta militarrei. "Hemendik aurrera, nire aginduak soilik beteko dituzte soldaduek", zioen. Donetsken geratzen zirenak Strelkoven aginduetara geratuko zirela adierazi zuen, eta horretarako prest ez zeudenek eskualdea utzi beharko zutela.
Epea gaindituta, militarren egoitza bat hartu du hogei gizoneko talde batek. Europa Pressek miliziako kide bat iturritzat hartuta zabaldu duenez, armak eskuetan, militarrei eskatu diete eurenak entregatzeko, eta negoziaketetan dabiltza. Iturriaren arabera, gainera, Donetsk eskualdeko hainbat herritan kontrol postuak ezartzen ari dira, Ukrainako armadari sartzen ez uzteko.
Kontseilu Gorena, Donetsken parlamentua
Miroslav Rudenko Donetskeko Herri Errepublikaren presidenteordeak baieztatu du bere parlamentu propioa izateko lehenengo urratsak eman dituztela. "Kontseilu Gorena osatu dugu 150 diputaturekin. Lehenengo bileran Segurtasun Kontseilua sortu dugu, eta Konstituzio proiektua onartu dugu". Horrez gain, Rudenkok jakinarazi du Donetskeko poliziak errusiazaleen aldera pasa direla, eta berdin gertatuko dela "egun gutxiren buruan" mugako guardiekin.
Istiluak goizaldean
"01:00etan, etsaia eraso egiten saiatu da. Aurka egin diegu, eta hainbat tanke deuseztu ditugu. Etsaiak zortzi hildako eta zazpi zauritu jasan ditu. Tamalez, gure artean ere hildakoak daude", azaldu dio Ponomariovek Interfax agentziari.
Halaber, jakinarazi du Ukrainako armadak morteroak erabili dituela Adreievka kanpoaldean. Ukrainako Gobernuak ez du eman gaueko gatazken berri. Atzo, ordea, aitortu zuen sei militar hil eta zortzi zauritu zirel Kramatorsk kanpoaldean izandako borrokaldietan.
Ponomarioven esanetan, batez ere Sloviansk kanpoaldean ari dira borrokan, "Ukrainako indarrek hirian sartzeko beldurra dutelako". "Goizean egoera bare dago. Tiro batzuk entzuten dira, baina horretara ohituta gaude jada", erantsi du. Gainera, esan du bizimodu normala egiteko behar duen guztia dutela Sloviansken, Ukrainako armadak hiria inguratuta duen arren.