Eskolako arroparekin jantzitako suizidak 31 lagun hil ditu Pakistanen

«AEBen babesekoei» eraso egiten jarraituko dutela agindu du Talibanen bozeramaile batek

Erredakzioa
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ekintzaile islamista gaztetxo batek jantzietan ezkutatutako lehergailuak eztandarazi zituen atzo Mardan hiriko akademia militar batean. Erasoan 32 lagun hil dira—ekintzailea barne—, eta gutxienez 36 zauritu dira, horietako hamasei larri. Erasotzaileak sei kontrol igaro ahal izan zituen, akademia militarraren barruan dagoen Aziz Bhatti eskolako uniformearekin jantzita zegoelako.

Erasoa goizeko zortzietan gertatu zen, soldadugaiak ariketa fisikoak egiten ari zirela akademiako patio nagusian. Armadaren aurkako atentatuak gutxitu egin dira azkenaldian, segurtasun neurri handiagoak hartu dituztelako. Horren ordez, zibilen aurkako erasoak handitu egin dira, otoitz lekuetan, azoketan eta kirol estadioetan batik bat.

Pakistango Talibanen Mugimenduak bere gain hartu du erasoa. «AEBen babesekoei eraso egiten jarraituko dugu, eremu tribalen aurkako operazio militarrak eta misil jaurtitzeak mendekatzeko, eraso horiek amaitu arte», esan du Azam Tariq bozeramaileak. Talde horri egozten dizkiote azken hiru urteotan Pakistanen izandako 450 atentatuak. Gutxi gorabehera 4.000 lagun hil dituzte eraso horietan.

Ez da lehen aldia ekintzaile islamistek nerabeak baliatzen dituztela soldaduei edo herritarrei eraso egiteko. Armadak BBCri ziurtatu dionez, herrialdeko ipar mendebaldeko kanpamenduetan 10 eta 12 urteko haurrak aurkitu dituzte, erasotzaile suizida bihurtzeko trebatzen.

Yusuf Raza Gilani lehen ministroak erasoa gaitzetsi du, baina talibanei amore ez emateko deia ere egin du: «Halako eraso koldar batek ezin die segurtasun gorputzen moralari kalte egin, eta ezin du gutxitu terrorismoa erauzteko nazioak hartu duen erabakia».

Mardan hiritik ez oso urruti, Mohmand probintzian, talibanen aurkako ofentsiba handia hasi du Pakistango Gobernuak. Afganistanekin muga egiten du Mohmandek, eta, agintarien arabera, talibanen eta Al Kaedaren gordelekua izan da luzaz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.