Eskozia, independentziaren bila

'Eskozia, bai', independentziaren aldeko kanpaina

SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta beste hainbat eragilek sustatutako kanpaina abiatu dute gaur. 2014ko udazkenera arte zabalduko dute, eta asmoa "Eskoziaren historian sortutako herritarren kanpaina handiena" egitea da.

2012ko maiatzaren 25a
19:41
Entzun

Eskoziaren independentziaren aldekoek Eskozia, bai kanpaina abiatu dute gaur ofizialki Edinburgon, erreferendumean baiezkoaren aldeko boza sustatzeko. Kanpaina gaurtik 2014ko udazkenera arte egongo da martxan.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroaren Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP) da kanpainaren sustatzaileetako bat, baina, horrekin batera, badira independentzia helburu duten beste hainbat alderdi ere. Hala ere, kritikoenek diote Salmonden mesederako sortutako propagandarako tresna besterik ez dela.

Helburua "Eskoziaren historian sortutako herritarren kanpaina handiena" sortzea da, boto-emaileek uler dezaten "Eskozian agintean egon behar dutenek" kezkatzen dutela gehien Eskozia. Hala jakinarazi du Stephen Noon kanpainaren bozeramaileetako batek eta SNPko kideak.

Kanpaina aurkezteaz gain, Baiezkoaren Adierazpena deiturikoa aurkeztu dute.

Independentziaren aurkakoa

Eskozia Erresuma Batuan kanpaina, berriz, Alistair Darling laboristak eta Finantza ministro izandakoak koordinatzen du. Hark 1.000 laguni egindako inkestaren datuak ezagutarazi ditu. Ikerketa horren arabera, %33 daude independentziaren alde, %57 daude Londresekin jarraitzearen alde, eta %10 zalantzan daude.

"Alex Salmond izan daiteke Eskoziako lehen ministroa, baina, datu hauek erakusten duten bezala, ez du Eskoziaren izenean hitz egiten", ohartarazi du Darlingek.

Urtarrilean jakinarazi zuen Salmondek zein galdera egingo duten erreferendumean: Eskozia herrialde independentea izatearekin ados al zaude?

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.