Joan den asteartean bete zen Eskoziako eta Ingalaterrako legebiltzarren bat-egitearen 300. urtemuga. Lehenago Gales menperatu eta barne hartua zuen Ingalaterrak, eta 1801an Irlanda formalki barne hartuta, osatu zuen Erresuma Batua, nahiz eta 1922an Irlandako hegoaldea galduko zuen. Urteurrenaren kariaz Alderdi Laboristako kide eta Erresuma Batuko Ekonomia ministro Gordon Brownek esan du Erresuma Batuaren existentzia «arriskuan» dagoela. «Nazionalista oportunista taldea» iritzi dio SNPri. Gainera, Alderdi Kontserbadoreari «unionismoaren kontrako jarrera» eta «nazionalistekiko aliantza» egotzi dio Brownek.
Era berean, bere alderdikide eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek batasuna defendatu, eta hau merkataritza eta segurtasunerako mesedegarria dela esan du. Hala Blair nola Brown eskoziarrak dira, eta biek britainiarrek «partekatutako baloreak» goraipatu dituzte.
Eskoziaren independentzia honen ekonomiarako «hondamendia» litzatekeela ohartarazi du Blairrek. Bereizketa «ideia zahar eta zaharkitua» dela diote laboristek.
INDEPENDENTISTEN KANPAINA. SNPko buru Alex Salmondek «lehen ministrorako hautagai gisa bere interesean soilik» pentsatzen aritzea leporatu dio Browni. Batasunaren urtemuga dela eta kanpaina bat hasi du SNPk, 1707 no right to choose; 2007 right to choose (1707, aukeratzeko eskubiderik ez; 2007, aukeratzeko eskubidea) lelopean.
«Londresko alderdietako horiek, jendeari hautatzeko eskubidea ukatzen dietenak, 1707an Eskozia saldu zuen gaizto multzoaren berraragitze politikoa dira», nabarmendu du Salmondek.
Maiatzean egingo diren hauteskundeei begira, inkestek gehiengoa ematen diote SNPri, eta Alderdi Laborista gaindituko luke Edinburgoko legebiltzarrean. Horrek laboristak biziki kezkatuta ditu.
SNPk bozak irabaziz gero erreferenduma egin nahi du independentziaz. Egingo balu, irabaziko lukeela uste du. Londresek horren beldur handia duela dio SNPk.
Aste honetan zabaldutako inkesta baten arabera, eskoziarren %80k uste dute erreferenduma egitea dela Eskoziaren etorkizuna erabakitzeko modurik onena. Beste inkesta batek, aldiz, dio eskoziarren %36k uste dutela batasunak eragin positiboa izan duela, eta %27k, berriz, negatiboa.
Nolanahi ere, SNPk onartzen du eskoziarrei ondo azaldu behar dietela independentziak ez lukeela kaosik eragingo, «trantsizio baketsua eta positiboa» baizik.
SSP Eskoziako Alderdi Sozialistak, honetatik bereizitako Solidarity ekimenak eta SGP Eskoziako Alderdi Berdeak ere Eskoziaren independentziaren alde egiten dute lan, baina SNP da alderdi abertzalerik handiena.
Iazko abenduan Eskoziako biztanle gehienek Erresuma Batuarekiko loturak eten eta independentzia berreskuratu nahi zutela erakutsi zuten Londresko ICM ikerketa zentroak kaleratutako bi inkestak. Ingelesen %59 leudeke Eskoziaren independentziaren alde, eta eskoziarren %52.
kenny macaskill SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatuen buruzagiordea
«Gaur egun batasuna kaltegarria da Ingalaterra eta Eskoziarako»
j.m. sarasola
SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Edinburgoko legebiltzarrean dituen diputatuen buruzagiordea da Kenny MacAskill. Halaber, Justizia arlorako duen arduraduna da.
Eskoziak Londresen menpe eman dituen 300 urte hauetaz -batasun behartuaz- zer balorazio egiten du SNPk?
Batasun hori gertatu izan ez balitz, hobe. 1707an ez zuten inolako galdeketarik egin eskoziarren artean; batasunari ezezkoa aterako zen, dudarik gabe. Dena den, garai hartan soilik lurjabedunek eta aberatsek zuten bozkatzeko aukera. Ingalaterrak bere armada hedatuta zeukan gure mugan, eta Eskozia behartuta sartu zuten [orduko Britainia Handiko Erresuman]. Baina batasunerako arrazoiak iraganaren kontua dira. Garai hartan bi arrazoi zeuden batasunerako: Eskoziak irispidea behar zuen [Ingalaterraren esku zegoen] Ipar Amerikara, merkataritzagatik, eta Ingalaterrako armadak Eskoziari hori eragotziko zion; gainera, Eskozia Frantziaren eta Herbehereen aliatua zen, eta Ingalaterrak, bere inperioa eratzean eta Espainia, Frantzia eta Herbehereen aurka gerrak hastean, ezin zuen iparraldean bere etsaien aliaturik onartu. Segurtasun arloko arrazoia izan zen azken hau.
Garaiak aldatu dira, ordea...
Bai, eta XX. mendean Erresuma Batua Europako Batasunean eta Munduko Merkataritza Erakundean sartu zenetik, merkataritza globalerako sarbidea izaki, Eskoziak ez du Ingalaterrarekiko aliantzaren beharrik. Eta NATO eta gisako erakundeetan sartuta izaki, Ingalaterrak ez du Eskoziaren aliantza behar bere segurtasuna bermatzeko. Egun batasuna kaltegarria da bi naziootarako.
Londresek, aitzitik, dio Batasuna «arriskuan» dagoela, eta segurtasun eta merkataritzarako mesedegarria dela.
Hara, auziei heltzeko modu asko daude. Baina ez dugu ahaztu behar mundu globalizatu honetan herrialde guztiak interdependenteak direla. Axola duena nazio bakoitzak bere estatua izatea da, bere interesak ondo defendatzeko eta nazioen arteko elkarlana ondo jorratzeko. Katalunia eta Euskal Herria ez dira EBren kide, estatu bezala, bai, ordea, Zipre eta Malta, hauek haiek baino txikiagoak diren arren. Kalifornia ez da NBEko kide, bai, ordea Mikronesiako uharteak, txikiagoak izan arren. Estatua izan behar duzu nazioarteko elkarlanerako eremuetan ordezkatuta egoteko.
Zer-nolako Eskozia independentea irudikatzen du SNP alderdiak?
SNP alderdi sozialdemokrata izaki, Eskandinabiako estatuetako gizarte eredua garatu nahi dugu. EBko estatu kide izan nahi dugu, eta ez dugu inork gure gazteak Irakera edo beste gerra batzuetara bidaltzerik nahi. Beroketa globalari eta halako auziei aurre egiteko gai izan, eta denontzako gizarte bidezkoago bat garatu nahi dugu.
Ipar Itsasoko petrolioak Eskozia garatzen asko lagunduko luke, ezta?
Bai, gure esku egonda Europako herrialderik aberatsena izango ginatekeen, baina zoritxarrez [Erresuma Batuko lehen ministro ohi] Margaret Thatcherrek sindikatuak suntsitzeko erabili zuen irabazien zati handi bat, eta Tony Blairrek, aldiz, Irakeko gerran. Dena den, petrolioa ez da ezinbestekoa. Finlandia, Irlanda, Islandiak... ez dute petroliorik eta Eskozia baino hobeto daude orain.