Eskoziak urte politiko honetan tramitatuko du galdeketaren legea

Alex Salmondek erran du herrialdearen historiako aldi garrantzitsuena izanen dela

Erredakzioa
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak berretsi du independentziaren inguruko erreferendumaren legea urte politiko honetan tramitatuko duela parlamentuak. Hurrengo urteko azarorako lege proiektua parlamentuan onar dadila nahi du Eskoziako Gobernuak. Erreferenduma, berriz, 2014ko udazkenean egin nahi du. Erresuma Batuko Gobernuak, ordea, hurrengo urtean egin dezala eskatu dio Edinburgori.

«Urte politiko berriak herrialde honen historiako garrantzitsuena izateko itxura du», adierazi du Salmondek gobernuaren programa aurkeztean. «Erreferendumerako legea egiteko ahaleginek serioski eginen dute aitzinera, Eskoziak 300 urtetan hartuko duen erabaki garrantzitsuenaren oinarriak paratzeko».

Independentziaren aurka dauden alderdiek, ordea, gogor kritikatu dute Salmondek iragarritako programa. Eskoziako Alderdi Laboristako buru Johann Lamonten iritziz, lehen ministroak «zalantzazko erreferendum bat baino ez du Eskoziari eskaintzeko». Alderdi KontserbadoreakEskozian duen buruzagi Ruth Davidsonen arabera, berriz, programak «lehentasun bakarra» du: «Eskozia Erresuma Batutik banatzea».

Sexu berekoen ezkontzak

Izan ere, arreta gehien independentziaren erreferendumerako proiektuak erakarri duen arren, Salmondek hamabortz puntuko programa bat aurkeztu du. Bertan bildu du, bertzeak bertze, sexu bereko kideen ezkontzak arautzeko lege bat egiteko proiektua. Lehen ministroak adierazi du, ordea, SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko parlamentariek boto askatasuna edukiko dutela gai horren inguruan bozkatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.