independentzia

Eskoziako erreferendumeko galdera: 'Independentzia, bai ala ez?'

Ados jarri dira Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuak. 2014ko galdeketan itaun bakarra egingo da, eta 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. BERRIAren bilduma

2012ko urriaren 10a
14:50
Entzun

Eskoziako 2014ko udazkeneko erreferendumak badu galdera dagoeneko: Independentzia, bai ala ez?. Hala dio BBC hedabide taldeak. Ados jarri dira Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuak, eta baliteke biek astelehenean aurkeztea akordioa, Edinburgon.

Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak ez zuen gaizki ikusten galdera hartaz gainera beste bat egitea; itaun horren arabera, Eskoziak Erresuma Batuan jarraituko luke, baina eskumen gehiagorekin. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, ordea, azken hilabeteetan esan izan du itaunak zehatza eta bakarra izan behar duela, eta lortu du hori. Independentzia, bai ala ez?; horixe, beraz, bi urte barru Eskozian egingo duten galdera.

Salmondek, berriz, adinari buruzko proposamena aurrera ateratzea erdietsi du: 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Cameronek bi urte gorago kokatu nahi zuen adina.

Eskoziako lehen ministroak 2012ko urtarrilaren 25ean iragarri zuen 2014ko udazkenean egingo dutela independentziari buruzko erreferenduma.

Duela hiru aste, milaka lagun elkartu ziren Edinburgon manifestazio batean, Independentzia Eskoziarentzat lelopean. Azken urteetako martxa handienetako bat izan zen. 

Azken inkesta baten arabera, independentziaren aldekoak %43 dira Eskozian.

2014, Bannockburneko garaipenaren 700. urteurrena

2014a urte sinbolikoa izango da Eskoziarentzat, Bannockburneko gudaldiaren 700. urteurrena izango baita. Eskoziarrek Ingalaterraren aurka garaipen garrantzitsua lortu zuten, independentziaren gerren baitan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.