Eskoziako Gobernuaren hizkuntza politika salatu dute gaeliko eta eskozieraren aldekoek

Edinburgoko gobernua atontzen ari den estrategiak mamirik eta helbururik ez duela diote aditu batzuek

2007ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Eskoziako Gobernua apailatzen ari den Eskoziako Hizkuntzetarako Estrategia txarretsi egin dute gaelikoaren eta eskozieraren aldeko taldeek eta hainbat adituk. Batzuek desengainua hartu dute, eta beste batzuek mamirik eta helbururik eza salatu dute. Gobernuak, aldiz, Eskoziako hizkuntzak garatzeko hurbilketa koherentetzat jo du. Dokumentua ontzeko kontsulta prozesua ireki du martxoaren 19a arte.

Eskoziako hizkuntzarik zaharrena gaelikoa da. Gutxienez III. mendetik aurrera zabaldu zen, Irlandatik joandako scot tribuek eramanda. Mendeetan Eskozia osoko hizkuntza nazionala izan zen, baita gorteko hizkuntza ofiziala ere. Egun, ordea, soilik 60.000 biztanlek hitz egiten dute, nagusiki Highlands eskualdean eta iparraldeko uharteetan, baita Kanadako Nova Scotian ere. Eskoziera Erdi Aroan zabaldu bazen ere, hiztun gehiago ditu: 1,5 milioi Eskozian eta 50.000 baino gehiago Irlandako iparraldean. Nolanahi ere, ingelesa da hizkuntza ofiziala.

Edinburgoko gobernuak dio bere estrategiarekin «Eskozian hitz egiten diren hizkuntzen profila hobetu» nahi duela. Alta, eskoziar guztiak «ingelesean trebatu beharra» nabarmentzen du soilik. Gainerako hizkuntzez mintzo, «hizkuntza aniztasuna bultzatzea» du hizpide, tartean «keinu hizkuntza britainiarra eta komunitate etnikoetako hizkuntzak». Gaelikoari dagokionez, hori «babestu eta sustatzea» proposatzen du, eta eskozieraren kasuan, «harrotasunez eta errespetuz» jokatzeko konpromisoa hartzen du. Kultura ministro Patricia Fergusonek dio estrategiak «hurbilketa koherentea» eskaini nahi duela «Eskozian dauden hizkuntzak garatzeko». Eskoziako hizkuntzak ez baizik Eskozian dauden hizkuntzak aipatzearekin, gaelikoak eta eskozierak merezi duten tratua ez dutela jasoko uste dute hizkuntza haien aldeko ekintzaileek.

Izan ere, Gobernuaren dokumentuak ez du azken bi hizkuntza horietarako ez ekimenik ez inbertsiorik zehazten.

SLC Eskozieraren Zentroko zuzendari Michael Hancek gogor hitz egin du testuaren kontra: «Estrategian ageri diren proposamenak aztertu ditut, eta ezin dut ulertu zergatik Gobernuak lau urte behar izan dituen dokumentu hau aurkezteko. Eskozieraren ikuspuntutik, datu oker ugari emateaz gain, oso gauza gutxi eskaintzen ditu lehendik dagoenetik aparte».



HAUTESKUNDEEN FAKTOREA. Gobernuaren testuak dio eskoziera ez dagoela arriskuan. Eskozieraren aldeko ekintzaileek kezkaz hartu dute adierazpen hori; izan ere, beldur dira Gobernuak ez ote duen hori ez ekiteko aitzakiatzat erabiliko, hizkuntzaren bizitasuna bultzatu beharrean.

Gainera, hauteskundeak maiatzaren 1ean izango dira, eta ez dirudi gaelikoaren eta eskozieraren aldeko talde eta erakundeek hari orain proposamenik egingo diotenik. Oso litekeena da egungo koalizio gobernua (laboristak eta liberal demokratak) desagertzea eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionala Gobernuan sartzea, bakarrik zein koalizioan. Orain arte, hizkuntzekiko ardura handiagoa erakutsi dute nazionalistek gainerako alderdi handiek baino.



WILSON McLEOD Edinburgoko Unibertsitateko Hizkuntza irakaslea eta aditua

«'Estrategia' hizkuntzen arloan eginiko gauzen zerrenda hutsa da»

J.M. SARASOLA

Edinburgoko Unibertsitateko Literatura, Hizkuntza eta Kulturen Eskolako doktorea da Wilson McLeod. Hizkuntza Zelta eta Eskoziarren Departamenduko burua izaki, hizkuntz politika, legeria, eskubide eta plangintza alorrak jorratzen ditu, baita Irlandako eta Eskoziako gaelikoena ere. Eskoziako Hizkuntzetarako Estrategiarekin oso kritiko agertu da McLeod, mami gutxi eta jomugarik eta plangintzarik eza salatuta.

Eskoziako Hizkuntzetarako Estrategia «zinez etsigarria» dela esan duzu, eta ezin zaiola estrategia deitu, ez duelako ez plangintzarik ez helbururik zehazten.

Ez du deus berririk eskaintzen, ezta gauzak egin ahal izateko programarik ere. Ez du zehazten xedeak zein diren, ezta horiek gauzatzeko urratsak ere. Gobernua hizkuntzen arloan egiten ari den gauzen zerrenda hutsa da estrategia hori. Ez du esaten gauza horiek hobetu edo aldatuko dituen. Hori ez da estrategia bat; estrategiak plana, programa esan nahi du.

Eskozieraren aldekoek dokumentuak hainbat akats dituela nabarmendu dute.

Bai, Gobernuak hizkuntzaren eremuan daraman politika oso txarra da, hainbat arlotan. Eskoziako berezko hizkuntzez gain -gaelikoa eta eskoziera-, etorkinen komunitateetako hizkuntzak ere kontuan hartu beharko lituzke. Eskozian dagoen etorkin talderik handiena Pakistangoa da; 50 urte baino gehiago darama gure artean, ondo errotuta. Horren interes eta beharrak kontuan hartu beharko lituzke, baita azken urteotan iristen ari diren Europako ekialdeko etorkinenak ere. Auzi nagusia hauxe da: zein hizkuntza eta nola irakatsi beharko lirateke hezkuntza sisteman? Arlo horiek guztiak aztertu eta kontuan hartu beharko lituzke Gobernuak, bere hizkuntzen estrategia egin ahal izateko. Lan hori serioago hartu beharko zukeen, ez baitu ikuspegirik, ez ideiarik azaltzen hizkuntzen inguruko programa eta politika zentzuzko eta aurrerakoia garatzeko.

Nola daude gaur egun gaelikoa eta eskoziera?

Gaelikoa oso ahul dago, eta batez ere hezkuntza sisteman hobetu beharra dago, bereziki bigarren hezkuntzan. Eskozieraren egoera ere ez da samurra; ingelesetik hurbilago dago, baina dialekto ugari ditu, bateratu gabeak, eta jende askok ez du hizkuntzatzat hartzen, ez du kontzientzia hori. Eztabaida franko dago horren inguruan. Gaelikoaren alde gehiago egin du Gobernuak azkenaldian, baina oraindik asko dago egiteko. Esaterako, lege berria dugu, Gaelikoaren Legea, baina kontua da ea behar bezain erabilgarria eta indartsua den gaelikoa salbatu eta sustatzeko. Legean gauza asko zehaztugabeak dira, eta oso garrantzitsua da hura gauzatzeko irizpide zehatzak izatea. Gaelikoak telebistan presentzia gehiago izateko ekimena hasi nahi du Gobernuak, baina okerra da. Abiatuko duten katea soilik satelite bidez ikusiko da, eta soilik herritarren %20k dute aukera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.