Uda honetatik aurrera Eskoziako mendebaldeko Hebrida uharteetan (Na h-Eilean Siar) gaelikoz irakatsiko diete haurrei, baldin eta gurasoek ingelesezko hezkuntza eskatzen ez badute. Gaelikoa lehenik programa jarri dute indarrean han, zeinak gaelikoa lehenesten duen ingelesaren aurrean.
Lehendik ere, mendebaldeko irletan haurren %47k jasotzen zuten gaelikozko hezkuntza, baina horretarako aurrez egin behar zuten eskaera; egin ezean, ingelesa lehenesten zen. Baina abuztutik aurrera lehen hezkuntzan hasten diren haurrentzat alderantzizkoa izango da egoera; alegia, gaelikoa lehenetsiko dute, eta hala jarraituko dute 10 urtera arte. Adin horretatik aurrera, ingelesa gehituko litzaieke curriculumera.
Mendebaldeko Uharteen Kontseilua (Comhairle nan Eilean Siar) da halako erabaki bat hartzen duen Eskoziako 32 udal gobernuetatik lehena. Eremu horretan bizi da gaeliko hiztunen komunitaterik handiena; herritarren %47k egiten dute gaelikoz.
"Haur eskoletan eta lehen hezkuntzan hasten diren haur gehienek gure hizkuntzan hitz egin nahi dute. Gaelikorik hitz egiten ez den eremuetara joaten diren familietako askok ere lehen hezkuntza gaelikoz egitea aukeratzen dute, eleaniztasunaren onurengatik", azaldu du Bernard Chisholm Hezkzuntza arduradunak.