«Eskoziak herrialde independente bat izan nahi duen erabakitzeko erreferendum bat egin beharko litzateke». Hala adostu du gaur Eskoziako Parlamentuak. Erakunde horri bigarren independentzia erreferendum bat egiteko boterea ematearen alde agertu dira parlamentari gehienak. Aldeko 64 boto izan ditu Nicola Sturgeon lehen ministroak aurkeztutako mozioak, eta aurkako 54. Sturgeonek «oinarrizko printzipio demokratiko baten» aldeko bozketatzat jo du, eta nabarmendu «herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea» duela.
Eskoziako herritarrek «euren beharretara ondoen egokitzen den gobernu forma erabakitzeko eskubidea» aldarrikatzen du mozioak, eta Erresuma Batuko Gobernuari eskatzen dio Eskoziako Gobernuarekin akordio batera iristeko: «Erreferenduma Eskoziako Parlamentuak adostutako data eta moduan egin dadin». Izan ere, Sturgeonek defendatu du aldaketa esanguratsuak izan direla 2014an eginiko erreferendumetik. Herritarren %55ek independentziaren aurka bozkatu zuten orduan, baina, galdeketa haren ostean, Erresuma Batua brexit prozesu betean sartu zen. Ondorioz, EB Europako Batasunetik at geratuko da Eskozia ostiralean. Euren «nahiaren aurka», Sturgeonen esanetan. Izan ere, brexit-aren inguruko erreferendumean EBn geratzearen alde bozkatu zuten Eskoziako herritarren %62k.
Eskoziako lehen ministroak bere alderdiaren, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren, eta Berdeen babesa izan du bozketan. Aurka agertu dira gainontzekoak. Alderdi kontserbadoreak Eskozian duen buru Jackson Carlawek adierazi du Sturgeon erreferendumarekin «obsesionatuta» dagoela, eta ez diela jaramonik egiten herritarren intereseko gaiei.
Erresuma Batuko Gobernuaren erantzuna ere berehalakoa izan da. Aurretik Boris Johnson lehen ministroak Sturgeoni adierazi bezala, bigarren galdeketa bat egiteko «belaunaldi bat igaro beharra» azpimarratu du Eskoziarako estatu idazkari Alister Jackek, eta gehitu gaurko bozketak ez duela inongo eraginik izango.
Erreferenduma gauzatzearen aldeko erabakiaz gain, ondorio sinbolikoa izango duen bozketa bat ere egin dute Eskoziako Parlamentuan. Europako Batasuneko bandera parlamentuaren kanpoaldean mantentzearen alde bozkatu dute, antzeko emaitzarekin, 63-54. Ondorioz, banderak bere lekuan jarraituko du, baita ostiralean Erresuma Batua ofizialki EBtik irten ostean ere.