Mundua

Eskoziaren independentziaren aurka mugitzen hasi dira Espainiako diplomatikoak

'The Independent' egunkariaren arabera, Erresuma Batuko Atzerri Ministerioari jakinarazi diote ez dutela Europako Batasunean onartuko eta betoa ezartzen saiatuko direla Eskoziak independentzia lortuko balu.

2012ko urtarrilaren 23a
08:49
Entzun

The Independent egunkariak atzo artikulu batean argitaratu zuenaren arabera, Espainia ez dago prest Europako Batasunean Eskozia independentea onartzeko. Erresuma Batuko Atzerri Ministerioa informazio iturri aipatuz, Espainako diplomatikoak erreferendum proposamenagatik haserre daudela dio egunkariak.

Atzo gauean egunkariaren edizio digitalean iruzkin gehien izan zituen albistea izan zen. The Independent-en arabera, Eskozian independentziak Euskal Herrian eta Katalunian erreferenduma egitea nahi dutenak indartuko lituzkeelako beldur dira Madrilen. Kosovo ez duela horregatik onartu gogorarazi du.

Orain dela gutxi aurkeztu zuen James Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak independentzia erreferendumari buruzko bere proposamena, eta aste honetan Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak bere aurkeztea espero da. 2014ean egin nahi du erreferenduma.

Aste honetan BERRIAk jarraipen berezia egingo dio Eskoziaren erreferendumaren auziari, eta Jon Fernandez kazetaria Edinburgotik ariko da egunkarian eta Berriketan.info sare sozialean hango berri ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.