Europako Batasuneko 27 kideek eta AEBek ez dute arazorik izanLibian gertatzen ari dena erabat gaitzesteko, baina oraingoz ez dute beste neurririk hartu. Hankaz gora den gobernu bati ezarriko dizkioten zigorrak zehazten ari diren bitartean, egoera gaiztoak eta aldakorrak bere hartan jarraitzen du, eta hitz hutsean geratu ordez, nazioarteko presioa beste zerbaitetan areagotu beharraz ari dira, besteak beste, Frantzia eta Erresuma Batua. Europako diplomazialariak aipatutako iturriek, berriz, esku-hartze militarra «beste aukera bat» dela zabaldu dute, ekintza planerako egoera guztiak jarri dituzte-eta mahai gainean. AEBetako presidente Barack Obama atzo iluntzean bildu zen Erresuma Batuko eta Frantziako lehen ministroekin gaiari buruz eztabaidatzeko. AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Philp Crowleyk esan du «lehenbailehen» hartu behar direla neurriak eta ez dutela «aukerarik baztertzen».
NATOk, ordea, ez du esku hartzeko asmorik, Anders Fogh Rasmussen erakundeko idazkari nagusiak argitu duenez. Libia ez da mehatxu bat aliantzako herrialdeentzat; baina, edozein modutan, ez du parte hartzeko eskaerarik jaso, eta, hala balitz ere, Nazio Batuen Erakundearen agindupean hartu beharko luke NATOk erabakia. Mehatxu zuzena ez izanik ere, ondorio txarrak ekar litzakeela ez du dudarik egiten. Krisiaren eraginez dagoeneko migrazio mugimendu geldiezina baitago Mediterraneo inguruan, eta Europako kide batzuk bestetzuk baino gehiago, lehenbailehen sarrerak ixteko moduei buruzko eztabaida eskatzen hasi dira EBn.
Italiak, Frantziak, Espainiak, Greziak, Txiprek eta Maltak erronka izugarria dute, eta EBren barruan erreguz eskatzen ari dira horri buruzko irtenbide bat, babes politikoa eska dezaketenen kopurua ezin onartuzkoa izango dela ikusi dutelako. Italiak dagoeneko Libiako kostaldetik gertu jarri ditu gerraontziak, haren arabera atera ezinik gera daitezkeen italiarrak ateratzeko, baina gainerakoekin hitz egin gabe jada itsas bideak kontrolatzen ari dela leporatu diote Europan.
EB, erabaki ezinik
Immigranteen eztabaidatik kanpo, Catherine Ashton EBren atzerri politikaren arduradunak gidaturik, Libiaren barne egoerari begira zer egin eztabaida luzeak izaten ari dira. Politika eta Segurtasun Batzordean hiru egun daramatzate egoera larriak eskatzen dituen erantzunen bila, eta aho batez atera dute Muammar Gaddafi egiten ari den sarraskia kritikatzeko adierazpena.
Zigorrak ezartzea ere erabaki dute, baina ez nolakoak izango diren, herri bakoitzaren errealitatea eta interesak erantzun bateratuarekin uztartzea ezinezkoa delako. Kide bakoitzak bere erabakiak hartuko dituela zehaztu dute, hori bai.
Gaur Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak saio berezia du, eta EBk hitzordu horretan ikusten du lehentasunezko neurriak hitzartzeko lekua. Hasteko, Libian gertatutakoak gizateriaren kontrako krimentzat jotzea proposatu dute aurkeztutako txostenean, eta, horrez gainera, 47 kideek bat egingo dute gaur NBEri ikerketa batzorde bat era dezan eskatzeko. AEBek Libia Giza Eskubideen Batzordetik kanporatzeko nahia adierazi dute.
AEBak, zuhur
AEBak izan dira neurriei buruzko erabakia hartzen azkenak. Libiari buruz gaitzespenez hitz egin dute, baina beste distantzia batekin, Bahrain, Egipto eta Yemenen egin dutenarekin konparatuz gero; haietan ez bezala, Libian interes gutxi baitago defendatzeko. AEBak Europaren atzean izan dira beti Libian, eta orain neurriak hartzerakoan ere horrela izatea nahi dute. Estatu Departamentuaren arabera, nazioartean adostutako zigor bat nahi dute.Hillary Clinton eta Europako Atzerri ministroek astelehenean egingo dute bilera, Genevan, nazioarteko neurriak zehazteko.
Protestak herrialde arabiarretan
Esku-hartze militarra aukera bat da EBrentzat, zehazteko dituen neurrien artean
NATOk ez du erasorik egiteko asmorik, bere ustez Libia ez delako mehatxu bat aliantzako herrialdeentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu