Martxoaren 14an lehertu zen Siriako matxinada; hain zuzen, nazioarteko koalizioak Libiari eraso baino egun batzuk lehenago. Libiakoa eta Siriakoa ez zirela kasu berberak erran zuten orduan koalizioko kideek. Orain, ordea, nazioarteko esku hartzea gero eta herrialde gehiagoren ahotan dabil. Libian NATOk hartu zuen erasoen ardura; Sirian, ordea, Mendebaldeak Turkiari, iparraldeko bizilagun boteretsuari eman nahi dio lidergoa, ongi ezagutzen baitu Damaskoko erregimena—aliatuak ziren—, eta herrialde musulmana denez, esku hartzeak Siriako herritarrengan zilegitasuna irabaz dezan.
«Damaskok ez du zin emandako erreformak egiteko batere asmorik. Eta jadanik beranduegi da erreformetarako». Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek Turkian egin zituen adierazpen horiek atzo. Ahmed Davutoglu Turkiako Atzerri ministroarekin elkartu zen Ankaran. Aski bilera adierazgarria, eta aski adierazpen adierazgarriak. «Dei anitz egin dizkiogu Siriako erregimenari, baina ez du aditu nahi. Geure ahaleginak batzeko ordua ailegatu da, eta zigor gogorragoak onartzeko», erran du Juppek.
Turkiak Siriarekiko mugan—910 kilometro— blokeo eremu bat ezartzea nahi du Frantziak, Turkiako hedabideen arabera. «Hori Turkiaren kontua da, baina uste dugu horrelako neurri bat nazioartearekin batera hartu beharko litzatekeela», zehaztu du Juppek. Gatazkan zeresana duten aktore garrantzitsuek ere Ankaran jarri dute arreta. Siriako Anaia Musulmanak alderdi islamistak, adibidez, adierazi du nazioarteak Libian egin bezala Sirian ere aire eremuaren debekua ezarriko balu hori Turkiak betearazi beharko lukeela, eta ez Mendebaldeko herriek. SNC Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko bloke nagusietako baten parte dira Anaia Musulmanak.
Obamaren aholkularia
AEBetan ere esku hartzearen aukera aipatzen duten ahotsak agertu dira. «Zibil errugabe gehiago hiltzen badira eta Al Assadek boterean segitzen badu, posiblea izanen da nolabaiteko esku hartze bat ikustea», adierazi dio Barack Obama presidentearen inteligentzia aholkulari Chuck Hagelek Turkiako Hurriyet egunkariari. Herrialde horretako gobernuak Siriarekin duen jokabidea ere goraipatu du Obamaren aholkulariak. «Erdogan lehen ministroak Al Assaden aurkako posizioan hartutako zuzentasuna eta adorea miresten ditut. Al Assaden ondorengo gobernuak Turkiaren laguntza beharko du, eta hori denbora kontua da».
Atzerriko esku hartzea izateko, baina, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak oniritzia ematea beharrezkoa dela erran du Juppek, «alde bakarreko esku hartzeen kontra» dagoelako Paris. Horretarako, ordea, beharrezkoa da betorako eskubidea duten bortz herrialdeen —AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Errusia eta Txina— oniritzia edo abstentzioa. Errusia eta Txina esku hartzearen aurka daude erabat. Iragan urrian, adibidez, Siriako erregimena gaitzesteko ebazpenari betoa paratu zioten. Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak «zuhurtzia» eskatu die Mendebaldeko herriei. «Uste dugu ez dela beharrezkoa indarra erabiltzea arazo hau konpontzeko». Errusiak defentsarako hitzarmenak sinatuta dauzka Al Assadekin, eta, hura eroriz gero, Ekialde Hurbilean Mendebaldeari aurre egiteko eragina galtzeko beldurra du. Horregatik, erregimenaren eta oposizioaren artean elkarrizketa bideratzeko ahaleginean ibili da.
Dena den, Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak esku hartzearen inguruko auzia saihestu zuen atzo Jupperekin izandako bileran. Hori bai, Siriako egoerak «gerra zibila» bihurtzeko arriskua duela ohartarazi zuen, aitzineko egunean Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek errandakoarekin bat eginez. AEBek Errusiaren baieztapen hori kritikatu zuten hasiera batean, baina atzo Hillary Clintonek onartu zuen gerra zibila lehertzeko arriskua dagoela.
Arabiar Ligaren ultimatuma
Davutoglu, oraingoz, zigorrak gogortu, eta Arabiar Ligaren proposamena betetzearen alde agertu da. Gaur bukatuko da Arabiar Ligak erakundetik kanporatzea saihesteko Siriari paratutako ultimatuma. Horren arabera, behatzaileak bidaltzea onartu behar du Damaskok. Erregimenak adierazi du prest dagoela horretarako, baina baldintza batzuk paratu ditu. Arabiar Ligak, ordea, ez dizkio horiek onartu. 500 lagun inguruko taldea prestatu du erakundeak. Ligako iturrien arabera, soilik herrialde arabiarretako funtzionarioak eramateko exijitu dio Damaskok, eta ez giza eskubideen aldeko ekintzaileak. Oposizioko taldeen arabera, bi egunetan 44 lagun hil dituzte protestetan erregimeneko indarrek.
Herrialde arabiarretako matxinadak
Esku hartzea, geroz eta hurbilago
Siriako erregimenaren aurka jotzeko ahotsak gehitu dira nazioartean; Turkiak ekimena hartzea nahi du MendebaldeakArabiar Ligak ez ditu onartu behatzaileak hartzeko Damaskok paratutako baldintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu