Marokok Agdaim Izik kanpalekua indarrez suntsitu zuenean han zinen...
Bai, kanpalekura hilaren 8an sartu ziren segurtasun indarrak, goizaldean, eta nire aurreneko gaua zen kanpalekuan, ama ikustera joan bainintzen Espainiatik; hilaren 4an sartu nintzen Tangertik Marokora. Agdaim Izikera ailegatzeko bi egun behar izan nituen autoz. Han milaka haima eta milaka saharar zeuden.
Zer gertatu zen goizalde hartan?
Segurtasun indarrak aurretik iragarri gabe eta azalpenik eman gabe sartu ziren kanpalekura. Hitz egiteko aukerarik ere ez genuen izan; ama eta senideak bakean uzteko eskatu nien. Haimatik aterarazi ninduten eta eskuak lotu zizkidaten. Jipoitzen hasi ziren ondoren, eta ama ni babestera gerturatu zen; bera ere borrekin jotzen hasi ziren orduan. Oso gogorra da zure ama nola jipoitzen duten ikustea eta amaren aurrean jipoitua izatea. Tortura basatiak jasan nituen.
Eta ondoren...
Kamioi baten sartu ninduten, beste 60 sahararrekin batera. Aaiungo jendarmeriara eraman gintuzten, eta han beste hamabi lagun zeuden; guztira 72 saharar geunden ziega batean. Eskuak atzean lotu eta begiak tapatu zizkiguten, belauniko jarrita egon ginen, zintzilikatuta ere bai, lurrera begira, paretaren kontra. Infernuan egotea bezala izan zen. Ur botiletan egiten genuen txiza, eta zaintzaileek txiza botatzen ziguten aurpegira gauetan, baita lixiba ere. Ez ziguten lo egiten uzten une oro ari baitziren jipoitzen, botekin, gerrikoekin, borrekin...
Epaileen aurrera eraman al zintuzten ?
Bai, baina ez ninduten utzi torturen berri ematen. Ordurako, baina, ni askatzeko presioa handia zen, eta aske utzi ninduten beste sei lagunekin batera; gainontzekoak kartzelara eraman zituzten. Espainiako kontsulatuak, hala ere, ez zuen ezer egin. Ni atxilotu eta biharamunean jaso zuen nire egoeraren berri ematen zuen faxa, eta tutik ere ez zuen egin. Astebeteren ondoren eskaini zidaten medikuarenera joatea, hori baino ez... Berriz atxilotuko ninduten beldur nintzen ni.
Herrialdetik ateratzea erabaki zenuen behin askatuta...
Bai, baina sinadura eta hatz-marka jarri behar izan nituen deklarazio faltsu batean. Agdaim Izik hartua zuen mafia sahararren atzaparretatik askatu nindutela sinatu behar izan dut. Sahararrek autoa erre zidatela, eta lapurreta egin zidatela aitortu behar izan dut dokumentu horretan. Hori sinatu ezean ez nindutela ateratzen utziko ohartarazi zidaten. Baina, justu, kontrakoa izan zen. Zerbitzu sekretuek kendu zidaten dokumentazioa eta soinean neramatzan 1.500 euroak ere beraiek lapurtu zizkidaten. Pasaportea baino ez zidaten itzuli, eta kendu zizkidaten gauzez galdetu nienean isiltzeko esan zidaten.
Las Palmasera iritsi zinen larunbatgauean. Nola zaude orain?
Hala-hola nago. Bularrean min etengabea dut, eta begietan eta eskuetan zauriak ditut. Egunotako torturen ondorioz oinaze handia dut gorputz osoan.
Zein da egoera une honetan.
Aaiunen gertatzen ari dena ezinezkoa da hitzen bidez azaltzea; sahararrak kalera ateratzeko beldur dira, hitz egiteko beldur, atxilotuko dituzten beldur... Egunez eta gauez egiten dituzte miaketak etxeetan, ekintzaileen bila. Mendebaldeko Saharan gertatzen ari dena salatzera etorri naiz Las Palmasera. Marokoren jazarpena lauhaizeetara zabaldu nahi dut, baina familia osoa han dut eta komunikabideetan egiten ari naizen salaketen ondorioz haien kontra egingo duten beldur naiz.Emaztea haurdun dago, eta urte bat eta hilabete bateko semea dut. Horregatik itzuliko naiz, baita hiltzen banaute ere.
Zer iritzi diozu nazioartearen jarrerari?
Isiltasunak min ematen du. Bada garaia interes ekonomikoak alboratu eta giza eskubideak errespeta daitezen. Gizakiak gara, hezurrak, odola eta haragia ditugu. Zer uste dute, behiak garela? Animaliak sahararrok baino eskubide gehiago dituzte egun.Eta pazientzia eskatzen digute, baina pazientziak hil egiten du batzuetan; pazientzia horri esker egiten ari baitira egiten ari direna, eta egoera honetan pazientzia eskatzea ez da zilegi. Espainiako Gobernuari neurriak har dezan eskatzen diot horregatik, jazarpenaren konplize izateari uzteko, bidegabekeriak egiten jarrai dezan hauspoa ematen ari baitzaio Marokori. Badirudi gerra dela irtenbide bakarra aintzat hartuak izan gaitezen.