Haatik, Xavier Darcos ez da izan porrota jasan duen gobernukide bakarra, beste zazpi ministrok ere, modu berean, galdu egin baitute hauteskunde hauetan. Alabaina, galeraren ondoren, Xavier Darcos ahulduta zegoen, Frantziako presidenteak datozen hilabeteetan bultzatu nahi duen erretiro sistemaren erreformaz arduratzeko. Politika adituen arabera, horregatik du Sarkozyk Gobernutik baztertzea erabaki. Orain arte Aurrekontu ministro zenak, Eric Woerthek, ordezkatuko du Darcos.
Woerthen tokian, berriz, François Baroin dute hautatu. Jacques Chirac presidente ohiaren (1995-2007) jarraitzaileetako bat da Baroin, eta ez horrenbeste Sarkozyren aldekoa.
Presidentearen aurkari argia den Dominique de Villepin lehen ministro ohiaren jarraitzaile Georges Tron diputatua ere Gobernua sartuko da, Funtzio Publikoko estatu-idazkari jardunean. Ez da, haatik, De Villepinen jarraitzaile bakarra izango. Iazko ekainean egindako aldaketetan, Nekazaritza ministro izendatu baitzuten Bruno Le Maire.
«Irekiduran», gelditze bat
Chiracen eta De Villepinen jarraitzaile bana gobernuan sartuta, Sarkozyk berriro batu nahi du eskuina. Era berean, badirudi ezker alderako «irekidura» jokabidea behin-behinean gelditu nahi duela Sarkozyk. Izan ere, ezkerretik etorritako Martin Hirsch Elkartasun Aktiboetako komisarioak gobernua utzi ondoren -berak hala nahi zuen, antza-, Marc-Philippe Daubresse UMPko diputatua aukeratu dute haren ordezko. Ezkerrari ateak zabaltzeak ondoeza eta arbuioa eragin ditu UMPn, haren alde botoa eman ohi dutenen artean, batik bat. Adituen ustez, horregatik dira ere eskualde bozetan botoa eman gabe geratu 2007an Sarkozyren alde bozkatu zuten asko.
Ezen, martxo honen 14an egindako lehen itzulian lortutako emaitzak hobetuz, PS Alderdi Sozialistak eta haren aliatuek aurrea nabarmen hartu dieteUMPri eta eskuineko beste taldeei. Oro har, eskualdeetarako bozetan, ezkerrak botoen %54,06 lortu ditu, eta eskuinak %35,37 besterik ez. Fronte Nazionala eskuin muturrak bozen %9,17 bereganatu ditu, zenbait lekutan botoen %20a gaindituta.
Ororen buru, ezkerrak aginduko du Frantziako 26 eskualdeetatik 23tan. Metropolian Alsazia soilik geratu da eskuinaren esku. Itsasoz haraindian, ostera, eskuinak Guyana eta Reunion kendu dizkio ezkerrari.
Korsikako Lurralde Batzarreko giltza, nazionalisten esku
Erredakzioa.Lehen itzuliko emaitzek iragartzen zuten bezala, bat eginda aurkeztu diren ezkerreko indarrek irabazi dute Lurralde Batzarrerako bozen bigarren txanda. Haatik, botoen %36,62 eskuratuta, 24 hautetsirekin geratu da ezkerra, gehiengoa lortzeko 26 zinegotzi behar direlarik. Hala ere, boz hauetako garaile handienak dira autonomista eta independentistak, bien artean hamabost hautetsi izango baitituzte. Femu a Corsicako autonomistek botoen %25,89 -11 hautetsi- lortu dituzte, eta Corsica Liberako independentistek bozen %9,85 -lau zinegotzi-. Bi indarren emaitzak batuta, orain arte agintean zegoen eskuinaren aurretik geratzen dira, horrek botoen %27,65 eskuratu baititu -hamabi hautetsi-. Horiek hala, indar nazionalistak izango dira Lurralde Batzarrean ezkerrak gehiengoa osatu ahal izateko giltzak, autonomistekin behintzat aldian aldirako akordioak hitzartzea espero duelarik.
Lau autonomista Bretainiako Eskualde Kontseiluan
Erredakzioa.Jean-Yves Le Drian sozialistak jarraituko du Bretainiako presidente karguan, bigarren itzulian alde handiz irten baita garaile, botoen %50,27rekin. Alta, eskuineko UMP zerrendari ez ezik, Europa Ekologiari ere irabazi dio. Ezen, Frantziako beste eskualdeetan ez bezala, sozialistek eta ekologistek ez dute bat egiterik lortu Bretainian. Bestetik, Europako Ekologia zerrendak bost puntuz hobetu zituen bigarren itzulian lehenengoan lortutako emaitzak, botoen %17,37 eskuratuta. Horrela, 11 hautetsi izango ditu Bretainiako Eskualde Kontseiluan. Nabarmentzekoa da, Europa Ekologia zerrendako 11 zinegotzi hauetatik lau UDB Bretainiako Batasun Demokratikoa alderdi autonomista sozialdemokratako kideak direla. UDB sozialistekin aurkeztu da sarritan tokiko bozetan, eta udal zinegotzi andana dauka. RPS Eskualde eta Herri Elkartuak autonomisten federazioko partaide da ere.
Ipar Katalunian aise irabazi du ezkerrak, eta FN sendo irten da
Erredakzioa.Zalantza izpirik ere ez zegoen Georges Freche PS alderdi sozialistatik kanporatua garaile irtengo zela Languedoc-Roussillon eskualdean eta Ipar Katalunian. Lehen itzuliko emaitzak areagotuz, botoen %49,31 lortu ditu Ekialde Pirinio departamenduan, eta bertan kokatzen diren Ipar Kataluniako 226 udalerrietan. Aise irabazi badu ere, nabarmentzekoa da 22.634 boto galdu dituela Frechek, 2004ko eskualde bozetako emaitzei alderatuta. PSko kide ohia, baina, beste bi zerrendarekin lehiatu da, UMP eskuinekoa bata -botoen %30,70rekin- eta FN eskuin muturrekoa bestea, honek bozen %19,99 bereganatu dituelarik. Ez da batere ezohikoa eskuin muturrak botoen %20 inguru lortzea Ipar Katalunian. Izan ere, Aljeriak 1962an independentzia lortu zuenetik, lurralde honetan jarri ziren hango kolono ugari, eta hauetatik askok eskuin muturraren alde ematen dute botoa.