Eskubide ahaztuak

Nazio Batuen Erakundeko 1514 ebazpen historikoak mende erdia egin du, kolonialismoa gaitzesten eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duen testua; hala ere, hamasei dira oraindik kolonizatuta dauden herrialdeak.

Mendebaldeko Sahara da Afrikako azken kolonia. BERRIA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Kolonialismoa, edozein dela forma eta adierazpena, Nazio Batuen Erakundeko Itunarekin bateraezina dela dio duela mende erdi onartu zuten 1514 ebazpen historikoak; bateraezina da kolonialismoa herriek independentzia aldarrikatzeko duten eskubidearekin eta nazioarteko zuzenbidearekin. 50 urteren ondoren, ordea, beste erabaki baten beharra sumatu du NBEren Deskolonizazioaren Batzordeak, erabakitzeko beste proiektu bat aurkeztu baitu, gogoraraziz «autonomoak ez diren lurraldeetako herriek erabakitzeko eskubidea» dutela, eta independentzirako ere bai.

Hainbat herrik lortu dute beren bidea egitea 1960tik, 80tik gora, baina hamasei herri ezartzen ditu NBEko batzordeak, oraindik deskolonizatu behar direnen zerrendan, Mendebaldeko Sahara tartean, 1975era arte Espainiaren kolonia izandakoa eta orain Marokoren menpe —Aljerian ebazpenaren urteurrena ospatzeko egindako ekitaldian bereziki gogoratu dute han gertatzen ari dena—. Horiez kanpo, Puerto Ricoren kasua aztertzeko eskatu du batzordeak, 1953. urtera arte egoera horretan egon zelako, eta hainbat erabakitan onartua dutelako herritarrek duten eskubidea autodeterminaziorako eta independentziarako.

Hori dela eta Nazioarteko Hirugarren Hamarkada proiektua proposatu du (2011-2020) aldarrikapen horiek egiteko. Bi aurrekoak 1991-2000 eta 2001-2010 izan ziren. Aurreko hamarkadan Ekialdeko Timorren independentzia bideratzea lortu zuten, 2002an.

Hala ere, independentzia lortu duten herrialde asko ez dira burujabe, menpekotasun ekonomiko izugarriak dituzte eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.