Greziako gobernu programa

Eskubide sozial eta unibertsalak bermatu nahi ditu Tsiprasen gobernuak

Greziako Legebiltzarrean aurkeztu du gobernu programa berria Alexis Tsiprasek. Osasun publikoa bermatuko duela esan du, gutxieneko soldata 751 eurokoa izatea lortzeko konpromisoa hartu du, eta etxe kaleratzeak debekatu egingo dituela iragarri du. Bihar eta etzi eztabaidatuko da programa legebiltzarrean.

Alexis Tsipras, programa aurkeztu eta gero, Greziako Legebiltzarrean. YANNIS KOLESIDIS / EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko otsailaren 8a
13:48
Entzun

Agindu bezala, gobernu programa soziala aurkeztu du Greziako Legebiltzarraren aurrean Syriza ezkerreko koalizioko lider eta Greziako presidente hautatu berri Alexis Tsiprasek. Gobernuaren gastuak %30-%40 murriztuko dituela esan du. Esaterako, ministroen "pribilegioak" kenduz: auto ofizialak salgai jarriko ditu, eta bizkarzain asko hiritarren segurtasuna zaintzera leku aldatuko ditu. Baina murrizketak gobernuaren gastuetan egin asmo ditu soilik. Pentsioak ez dituela murriztuko adierazi du, eta ez dela erretiro adina atzeratzeko aldaketarik izango.

Gutxieneko soldata 751 eurokoa izatea lortu nahi du 2016ean. Baina soldata horretara iristeko, eragileei "denbora" eman behar zaiela aitortu du. 700 eurotik beherako pentsioa dutenei, berriz, aparteko ordainsaria eman nahi die berriro ere. Azken urteetan indargabeturik ziren lan itun kolektiboak ere berreskuratu nahi du Tsiprasen gobernuak.

Berriro kontratatu nahi ditu aurreko gobernuak kalean utzitako langile publikoak: besteak beste, unibertsitateetako funtzionarioak edota eskoletako zaintzaileak. 

Etxe kaleratzeak debekatuko dituela ere esan du, eta "osasun publiko unibertsala" bermatuko duela -bi milioi eta erdi herritar geratu dira osasun saretik kanpo-. Behar larrian dauden herritarrei laguntzeko programak ere iragarri ditu.

Zorra negoziatzeko deia

"Austeritatea txarra izan dela onartzen badugu, negoziazio bidez helduko gara zorrari buruzko akordio batera", adierazi du Tsiprasek Greziako zorrarekin Europako bazkideekin duen auziaz. "Baina, ez dugu gure subiranotasuna negoziatuko", zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.