Aitortu ezean jo egingo nindutela esan zidaten soldaduek; nik ez nuen hitzik esan, eta haietako batek jo egin ninduen», dio Ommar Hamamra 15 urteko gazteak, Israelgo B'Tselem gobernuz kanpoko erakundeak grabaturiko bideo batean. «Auto batean sarrarazi ninduten, eta soldadu batek galtza barrenak jaso zizkidan, eta jo egin ninduen borra, makila edo zer zorrotz batekin», kontatu du Ahmad Al Salibik, 15 urteko beste atxilotu batek. «Eskuetatik heldu, eta aitorpena sinarazi zidan soldadu batek», adierazi du Fadi Khatibek; 13 urte ditu, eta Bilinen sortua da, Zisjordanian. «Txikiegiak gara kartzelara joateko», gehitu du zinta horretan bertan.
B'Tselemek berriki argitaraturiko txostenean agerian gelditu da soldaduei harriak jaurtitzeaz akusaturiko adingabe palestinarrak lege militarren arabera epaitzen dituztela; 2005etik 2010era bitartean, 12 urtetik 17ra bitarteko 835 palestinar epaitu zituzten, gutxienez, Zisjordaniako auzitegi militarretan.
Arazo ez hain txikia. Harriak jaurtitzearen susmopean Israelek atxilotutako adingabeen eskubideak urratzea izenburuko agirian, erakundeak dio atxilotutako adingabe asko eta askori ez dietela bermatzen babes neurririk: esate baterako, atxiloaldian pertsona heldu bat izatea alboan, edota abokatu batekin kontsultatu ahal izatea. Adingabe horiei ezartzen dieten legedi militarra ez dator bat ez nazioarteko zuzenbidearekin eta ez Israelgo legeekin ere; horien arabera, hain zuzen, gurasoak bertan direla galdekatu behar dituzte adingabeak, eta azken-azkeneko neurria izan beharko luke kartzela zigorra.
Lekukotasunak
Txostenean jasotzen denez, adingabe palestinarrei ezartzen dieten legediak ere ez du kontuan hartzen adinak hainbat ondorio dakartzala haren zigor erantzukizunean eta hark nola bizi dituen atxiloaldia, galdeketa eta kartzelaldia; ez du kontuan hartzen, era berean, halako bizipenek kalte handia egin diezaioketela adingabearen garapenari.
B'Tselemen lantalde batek, hainbat abokatuk lagundurik, atxilotutako 50 mutil palestinar elkarrizketatu zituen; nork bere bizipenak azaldu zizkieten. Haien lekukotasunek erakusten dutenez, armadak eta auzitegi militarrek adingabeen hainbat eskubide urratzen dituzte. Elkarrizketatuek diotenez, soldaduek galarazi egin zieten gurasoak alboan izatea atxilotu zituztenean. Batzuek orduak eta egunak eman zituzten, harik eta galdekatu zituzten arte; bortizki tratatu zituztela salatu zuten, eta ordu askoan ez zietela utzi ez komunera joaten, ez jaten eta ez edaten ere. Militarrek ez zuten bete adingabeak gauez ez galdekatzeko araua ere; zenbait kasutan, ez zieten utzi lorik egiten ere.
Txostenean esaten denez, 2009tik 2010era bitartean atxilotutako 133 adingabeetatik %23 aske utzi zituzten baldintzapean, eta harriak jaurtitzeaz akusatutako adingabeen %93ri ezarri zieten kartzela zigorra. Horietako gehienek bi eta sei hilabete eman zituzten kartzelan, nahiz eta auzitegi militarrek hogei hilabete arteko kartzela zigorrak ezarri zizkien. Kartzelatutako nerabeetako askok ezin izan zuten izan familiartekoen bisitarik, denbora asko eskatzen duelako baimenak lortzeko izapideak egiteak eta, sarritan, kartzelatik kanpo egon ohi direlako baimena iristerako. Behin etxera itzulitakoan, adingabeetako askok «arazo psikologikoak izaten dituzte, loezina, eta eskolan ere gaizki ibili ohi dira»; hala adierazi du txostenaren arduradunetako batek.
Israelgo armadak, berriz, gogor kritikatu du txostena: «B'Tselemek modu alderdikoian jorratu du kontua, eta ez du kontuan hartu erakunde terroristek esplotatu egiten dituztela adingabeak»; hala zioten agiri batean.
Gazteentzako Auzitegi Militar bat ezarri zuten Zisjordanian 2009ko azaroan, 16 urtetik beherakoen kasuez arduratzeko. Epaile militarrek, nork bere kabuz, 18 urtera arte luzatu zuten adin muga; haietako askoren ustez, justizia militarrak munduko herrialde askotako gazte auzitegietako neurrien arabera epaitu beharko lituzke adingabeak. Gomendio horiek, ordea, ez dira burutan ateratzen.
Ekialde Hurbila
Eskubideak, urratuta
Israelgo armadak urratu egiten ditu atxilotutako adingabe palestinarren eskubideak. B'Tselem erakundeak salatu berri duenez, kartzela zigorra ezarri diete harriak jaurtitzeaz 2005etik 2010era akusatutakoen %93ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu