Eskuin muturra alde izanda ere, koalizioari eustea zaila izango dute Herbehereetan

Mark Ruttek hartu du lehen ministro kargua; mende batean lehen aldiz liberal bat izango da gobernuburu

2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Agintaldi osoan iraungo duen jakin gabe hasi da lanean Herbehereetako koalizio gobernu berria. Gobernukideek atzo hartu zuten kargua, Beatriz erreginarenean egindako ekitaldian. Aliantza osatzen duten alderdietatik seina ministrok egin zuten zin; Alderdi Liberalekoek (VVD) eta Alderdi Demokristaukoek (CDA). Haatik, eta eurek bakarrik oposizioari aurre egiteko aski indar izango ez dutelako, eskuin muturrekoen sostengua izango dutela ziurtatu dute aurrez. PVV Askatasunaren Alderdiarekin hitzartu duten akordioaren arabera, eskuin muturrekoek gobernuaren ekimenak babestuko dituzte Parlamentuan; trukean, baina, agintean daudenek kontzesioren bat edo beste egin beharko diete haiei. Immigrazio alorrean bereziki.

Iragan ekainaren 9an egin zituzten Parlamenturako hauteskundeak Herbehereetan. Liberalek irabazi zituzten, tarte txikiarekin. Gobernua eratzeko zailtasunengatik, luze jo dute negoziazioek; eta emaitza, azkenean, ez da espero zitekeena izan, ez oraintsuko historia politikoaren errepasoa eginda bederen. Mende batez, izan ere, liberalak oposizioan egon dira. Hemendik aurrera, berriz, lehen ministro liberala izango dute Herbehereetan: Mark Rutte, hain zuzen.

Ministro esperientziadunak

Gobernuaren oreka hausteko beldurrez banatu ditu Ruttek ministerioak. Egonkortasuna helburu, politikari eskarmentudunak eta gertukoak aukeratu ditu: gehienak diputatu izandakoak dira, baita gobernuan goi karguetan egondakoak edota alkate izandakoak ere.

Maxime Verhagen buruzagi demokristaua Ekonomia ministro izango da aurrerantzean, baita presidenteorde ere -orain arte Atzerri Ministerioaz arduratu da-. Horrek utzitako kargua, berriz, Uri Rosenthal liberal eta senatari ohiak beteko du. Ministroen artetik bakarra da politikan berria: Marlies Veldhuijzen Osasun Estatu idazkariak ez du esperientzia politikorik; are gehiago, gobernurako bere hautagaitzaaurkeztu bezperan egin zen Alderdi Demokristauko kide, iragan asteburuan. Bestalde, hamabi ministerioetatik hiru besterik ez dituzte zuzenduko emakumeek; parekotasunaren alde egin ez duelako, hain zuzen, hainbat kritika jaso behar izan ditu Ruttek.

Kritika gogorrenak, dena dela, iragarritako immigrazio politikengatik jaso ditu: koalizio gobernu berriak burkaren erabilera debekatuko baitu, besteak beste. Eta hala egitea erabaki du, Geert Wilders eskuin muturreko buruzagiaren baldintzei men egin behar izan dielako.

Wildersen alderdiak 24 eserleku ditu Parlamentuan. Koalizio gobernuak haien beharra du, gainontzean ez baitira aterako sustatu nahi dituen lege erreformak. Horregatik, eskuin muturrekoek zeresan handia izango dute gobernuak egingo dituen politiketan. Neurri bat edo beste hartzeak dakarren erantzukizunik gabe -gobernuan egoteak eragiten duen ardurarik gabe-, agintearen norabidea nabarmen baldintzatzeko aukera izango baitu.

Koranaren eta musulmanen aurka egindako hainbat adierazpenengatik, Geert Wildersen aurkako prozesua martxan da Herbehereetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.