ALEMANIA

Eskuin muturra Brandenburgoko eta Saxoniako ganberetan sartu da

SPDk eta CDUk boto asko galdu dituzte bi 'lander' horietan, eta PDSko komunistek gora egin dute

BERLIN
2004ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Espero zena bete eta Brandenburgoko zein Saxoniako legebiltzarretan sartzea lortu zuen eskuin muturrak igandeko bozetan. CDU Batasun Kristau- Demokratak eta SPD Alderdi Sozial Demokratak galera izugarriak izan dituzte bi lander horietan. Brandenburgon, CDUrekiko koalizioak jarraitzea aukera dezake Matthias Platzeck lehen ministroak (SPD) edo Sozialismo Demokratikoaren Alderdiarekin (PDS). Saxonian, koaliziokidea bilatu behar du orain CDUk. Bi landerretan gora egin du PDSk. Brandenburgon bigarren postua kendu dio CDUri. Partehartzea aurreko bozen pare ibili da.

Galera handia pairatu arren, alderdirik indartsuena bilakatu da SPD Brandenburgon. Eskuin muturreko DVU Alemaniako Herriaren Batasuna Postdamgo legebiltzarrera heldu da, %6,1 lortuta. Saxonian galera izugarria izan du CDUk, eta gehiengo absolutua galdu. SPD soilik 0,6 puntuz dago eskuin muturreko NPD Alderdi Nazional Demokratikoaren aurretik. NPDren bozak ikaragarri igo dira: 1999ko hauteskundeetan %1,4 lortu zituten, eta %9,2 eskuratu zituten igandean. Eskuin muturreko alderdia lehen aldiz sartu da lander bateko legebiltzarrean 1960ko hamarkadatik. Batez ere gazteek eman diote boza.

Berlinerako azterketa

Bi hauteskundeok politika federalerako joera azterketatzat hartzen dira. Hartz IV legeen aurkako protestek eragin berezia izan dute kanpainan. Hartz IV legeek gizarte laguntzak moztu nahi dizkiete luzaroan lanik gabe daudenei, esaterako. Igandekoak gidoitik erabat atera diren hauteskundeak izan dira. Duela hainbat aste arte inork ez zuen esango CDUk horrenbeste boto gal zitzakeela Saxonian. Brandenburgon PDSren atzetik gelditu da SPD. Herritarren %20 langabezian dituzten eskualdeotan, beste lanpostu bat lortzeko itxaropenik apenas dagoen lander horietan, etsipena sortu dute Gobernu federalak erabakitako lan merkatuaren erreformak, zein CDUren jarrerak. Hori dela eta, bozak alderdi «ofizialen» aurkako kontu kitaketa bilakatu dira, PDS ere jada alderdion artean sailkatzen delarik.

Etsipen oldeak, ordea, batez ere SPD eta CDU jo ditu. Herriaren haserrea bere mesederako erabili nahi izan du CDUk Hartz VI legeen aurkako protesten uda luzean, baina gizarte erreformen erantzukizuna bere gain ere erori da. Astelehenetako manifestazioen alde mintzatu ziren bertako CDUko politikariek atzera egin izanak ez zuen lagundu. Aldaketak ospea ere kendu zieten kristau-demokratei. Bestalde, Gerhard Schroeder kantzilerrak izaniko irmotasunak bozkalekuetara eraman zituen, azkenean, SPDko jarraitzaile matxinoen zati bat. Joera nabarmen gelditu da, galeraren gainetik: «SPD behetik gora dator, CDU goitik behera», esan du sozialdemokraten idazkari nagusi Klaus Uwe Benneterrek.

Eskuin muturraren gorakada

Alderdi guztietako ordezkariak kezkatuta agertu dira NPDk eta DVUk lortutako emaitzengatik. Eskuin muturrean diruz ongi hornituriko taldeak daude (DVU batez ere). Ez dute soilik gazte kaskamotzak ordezkatzen, baita enpresa txikietako langileak, zein profesionalak. Saxoniako hainbat tokitan, onarturiko alderdi politikotzat dute NPD. Alemaniako Gobernuak Hitlerren alderdi naziaren bertsio berritzat jo du NPD, eta taldea debekatzen saiatu zen iaz. Konstituzio Auzitegiak atzera bota zuen debekua.

Gainontzeko alderdiek erantzun epela eman dute egun arte, nahiz eta Alemania berriz batu zenetik, neonaziek ehun bat pertsona hil dituzten errefuxiatuak, etorkinak eta eskuindar ez ziren gazteak. Eskuin muturraren emaitzak protestaboto gisa gutxietsi dituzte. Michael Edinger politologoak ikuspegi hori baztertu egin du: «Dakigunaren arabera, bi gauza elkartu behar dira jendeak Alemanian eskuin muturrari bozka diezaion. Alde batetik, egungo politikarekiko haserrea, eta bestalde oinarrizko joera».

-

Eskuin muturreko alderdiak





DVU: Alemaniako Herriaren Batasuna (Deutsche Volksunion) 1971. urtean sortu zen. Municheko eskuin muturreko argitaratzaile Gerhard Freyren agindupean dago. Besteak beste, Bremengo, Schleswig-Holsteingo eta Saxonia-Anhalteko legebiltzarretan izan da 1989. urtetik. Hiru kasu horietan huts egin zuen legegintzaldi baten ondoren, barne tirabirak direla eta. Brandenburgon lehen aldiz lortu du Legebiltzarrean sartzea bitan saiatu ondoren.

NPD: Alemaniako Alderdi Nazionaldemokrata (Nationaldemokratische Partei Deutschlands) 1964. urtean sortu zen. 1966tik 1968ra arte zazpi laenderretako legebiltzarretan sartzea lortu zuen. Alemaniako Legebiltzarrean sartzear izan zen 1969an: %4,3 lortu zuen, muga %5ean denean. Saxoniakoan da orain. Saxoniako SPD indartsua da Erz mendien eskualdean, Riesa-Grossenhainen eta Saxoniako Suitzan. Horietan %20tik gora lortu zuen hainbat tokitan. Emaitzarik hoberena Reinhardtsdorf-Schoena eskualdean lortu zuen (%23,1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.