Lehen emaitzak baino ez dira, eta, hala ere, okerrenean jarriak dira Angela Merkel kantzilerraren gertukoak. Izan ere, demokristauek garesti ordaindu dute errefuxiatuen krisian agertutako jarrera. Horren ondorioz, eskuin muturreko Alemaniarentzako Alternatiba izan da bigarren indarra hauteskundeak egin dituzten hiru landerretatik bitan; hirugarrenean, Saxonia-Anhalten indar nagusia da orain ere.
Baden-Wurttemberg izan da hainbat urtez Merkelen demokristauen gotorleku nagusia. Atzo egindako bozetan, ordea, %27 egin dute behera CDUren aldeko bozek; AFD Alemaniarentzako Alternatibak, berriz, botoen %15 lortu ditu.
Emaitza ofizialen zain, pozik agertu da AFDko buru Frauke Petry: "Egun ona da demokraziarentzat. Merkelen hondamenezko politikak begiak ireki dizkio jendeari".
Eskuina, gorantz
Hiru eskualdetako bozak izan arren, Alemaniako gizarteari neurria hartzeko erabili dituzte askok, eta emaitza txarrak izan dira eskuin muturra ez beste guztientzat.
AFDk dagoeneko badu ordezkaritza Alemania osatzen duten 16 landerretatik bostetan, eta guztietan errefuxiatuen aurkako politikak izan dituzte aldarri. Asteburuko bozetarako ere Muga seguruak eta Gelditu asilo eskatzaileen kaosa leloak eta gisa berekoak erabili dituzte.
Sigmar Gabriel kantzilerordeak, baina, ohartarazi du hauteskunde hauen emaitzak ez duela aldaraziko gobernuaren politika. "Jarrera argia agertu dugu orain arte: gizatasuna eta elkartasuna. Orain ez dugu aldatuko".
Pentsatzekoa da, ordea, asteburuko emaitzek handitu egingo dutela Merkelen eta haren alderdiaren gaineko presioa.