Elkarretaratze bat-batekoak bezala hasi direnak manifestazio bihurtu dira Andaluziako probintzia hiriburuetan, Espainian. Sevillan, Granadan eta Malagan egin dituzte manifestazio handiena. Sevillan mila lagun baino gehiago elkartu dira, eta Granadan 4.000 eta 5.000 artean; Malagan ehunka batzuk elkartu dira. Parlamentuaren aurrean astearte arratsaldean berriro biltzeko deia egin dute. Talde antifaxistak eta ikasleak bildu dira protesta horietan, batez ere.
Izan ere, eskuinak irabazi ditu hauteskundeak orain arte PSOEren gotorleku izan den Andaluziako Legebiltzarrean. Porrota kolpe gogorra izan da Andaluziako sozialisten buru Susana Diazentzat. Izan ere, bozak eurek irabazi badituzte ere —33 diputatu izango dituzte—, eskuineko hiru alderdien aliantza erraz nagusituko litzateke parlamentuan.
Bozetan, Alderdi Popularra izan da bigarren indarra 26 diputaturekin, eta Ciudadanos hirugarrena 21ekin. Hala ere, zer esana eman duena Vox izan da, hamabi diputatu bereganatu dituelako. Hala, sozialistek gobernua osatzeari uko egin ez badiote ere, PPk eta Ciudadanosek jada iragarri dituzte erkidegoko presidentetzarako hautagaitzak. "Aldaketaren unea" heldu dela ohartarazi du Juanma Moreno popularrak.
"Aldaketa" aipatu du Andaluziako Voxeko buru Francisco Serranok ere, eta iragarri du eurak izango direla "errekonkistarako giltza". Garaipen handia izan da honako hau alderdiarentzat; izan ere, lehen aldiz lortu du ordezkaritza Espainiako instituzioetan. "Europaraino helduko gara, baina behetik hasita", iragarri du bart alderdiko militante batek.
Nazioarteraino heldu da eskuin muturraren garaipena. Frantziako Batasun Nazionala alderdiko buru Marine le Pen izan da Santiago Abascalen taldea zoriontzen lehena. Twitterreko bere kontua baliatu du horretarako.
🇪🇸 Mes vives et chaleureuses félicitations à nos amis de @vox_es qui, ce soir en #Espagne, font un score très significatif pour un jeune et dynamique mouvement. ðŸ‘ÂÂÂÂÂÂ🻠MLP #Andalousie Cc @Santi_ABASCAL
— Marine Le Pen (@MLP_officiel) 2018(e)ko abenduaren 2(a)
Pozik Voxeko jarraitzaileak ere. Espainiako ereserkiak, eta Legioaren aldeko oihuak izan dira nagusi hauteskundeetako emaitzak ospatzeko egindako ekitaldian, igande gauean.