DANIMARKA

Eskuin muturra indartu egin da hauteskundeetan

Rasmussenen alderdiak irabazi du berriz; sozialdemokratak krisian dira

Erredakzioa
2005eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Eskuineko eta eskuin muturreko indarrek herenegun Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi ostean, Anders Fogh Rasmussen liberalak jarraituko du gobernuburu karguan. Boz hauetan Rasmussenen aliatu eskuin muturreko DF Danimarkako Herri Alderdia sendotuta irteteak areagotu egin dezake azken lau urteotan gobernuak bultzatutako immigrazioaren kontrako politika. Oposizioko indar nagusi Alderdi Sozialdemokrataren porrotaren erantzule dela onartuta, dimititu egin du bere lehendakari Mogens Lykketoftek.

«Boterean egon gaitezen nahi izan dute herritarrek eta garaipen historiko hau Alderdi Liberalarentzat ere garaipen bat da, Danimarkako indar politiko indartsuena izaten jarraituko dugulakotz», aldarrikatu zuen Anders Fogh Rasmussenek, herenegun arratsean, bozetako ondorioen berri jakitean. Behin betiko emaitzen arabera, 2001eko azarotik boterean den eskuineko koalizioak 95 diputatu izango ditu Legebiltzarrean; hots, gehiengo osorako beharrezkoa den gutxieneko kopurua baino bost gehiago. Aurreko agintaldian, liberalek eta kontserbadoreek osatutako gobernuak 94 diputaturen sostengua zeukan, hauen artean zirela Danimarkako Herri Alderdiaren (DF) 22 biltzarkideak. Jarrera populista eta xenofoboak aldarrikatzen dituen indar politiko hau sendotuta irten da herenegungo bozetatik botoen %13,2 bereganatuta, bi diputatu gehiago lortu baititu. Rasmussenen orain arteko gobernuan ministrorik ez bazuen ere, gehiengo parlamentariko osagai izanda; agintearen aukera eta jokaeretan eragin nabarmena izan du; batik bat, immigrazioaren politika murriztaile bat gauzarazi du. Hurrengo lau urteetan jokabide bera bultzatzeko asmotan da DF alderdia, haren buruzagi Pia Kjaersgaardek hauxe adierazi baitzuen atzo: «Gure alderdiak Europan daraman bide erakusle jokaerari eutsiko dio, Danimarkako immigrazioan gelditze bat emanda». Mutur eskuinak gorantz eginbadu ere, Rasmussenen Alderdi Liberala (Venstre) da oraindik Legebiltzarreko indartsuena, 52 diputaturekin. Lau biltzarkide galdu ditu, haatik. Koalizio gobernuko beste osagai bat den Alderdi Kontserbadoreak, berriz, hiru irabazi ditu eta 19 diputatu lortu. Gauzak horrela, Rasmussenek eutsi egingo die, ziur aski, azken lau urtetan bultzatutako politika bideei; hots, immigrazioaren murrizketari eta zergen gutxitzeari. Azken egitasmo hau baina, aski kontrajarria agertzen da lehen ministroak babestu gogo duen «ongizate» estatuarekin.

EBren konstituzioaz herri galdeketa eginen da aurki

Rasmussenek adierazi zuen atzo bere gobernu berriaren lehendabiziko apustua Europako Batasunaren konstituzioaz erreferendum bat antolatzea izango dela urte honen amaierarako edo hurrengoaren hasierako. Kontsulta horretan baiezkoak irabazi behar luke, zeren eta liberalez eta kontserbadoreez gain, sozialdemokratak ere konstituzio horren alde baitira.

Alderdi Sozialdemokratan krisia piztu dute bozen emaitzek. Mogens Lykketoft presidenteak iragarri zuen, asteartean bertan, kargua utziko zuela. Izan ere, bost diputatu galdu dituzte sozialdemokratek eta, honezkero, 47 biltzarkide izango dituzte. Agintearen luzaz egon den alderdi baten emaitza txarrenak izan ziren herenegungoak. Aurretik zeuzkan 12 diputatuetatik bat galduta, galera txikiagoa pairatu badu ere, atsekabearekin geratu da, halaber, Herri Alderdi Sozialista (SF), eta honen presidente Holger K. Nielsenek ere dimisioa iragarri zuen atzo. Hala ere, ezkerreko eta zentro-ezkerreko alderdiek apur bat gorantz egin dute; aurretik baino hiru diputatu gehiago izango dituzte. Lorpen hau gehien bat zor diote Alderdi Erradikal Liberalak (RV) izandako gorakadari. Marianne Jelved Ekonomia ministro ohia buru duen zentro-ezkerreko alderdi honek 16 diputatu lortu ditu, aurretik zeuzkanak baino bederatzi gehiago. Komunista ohiek eta ekologistek egindako zerrendak, berriz, sei diputatu erdietsi ditu. Alderdi Kristaudemokratak porrot handia jasan du, lehen zeuzkan lau diputatuak galdu baititu.Faroe Uharteetako eta Groenlandiako herrialde autonomoetan, azkenik, boz hauek ez dutealdaketarik eragin bertako indar politikoen arteko orekan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.