Eskuin muturra

Eskuin muturreko militar armatu baten bila ari dira Flandrian

Belgikako izurriaren kontrako koordinatzaile nagusiari mehatxu egin izan dio. Armak lapurtu ditu kaserna batetik, eta uste dute natur parke batean ezkutatu dela.

Flandriako Hoge Kempen (landazabal garaia, flandrieraz) natur parkean ari dira militarraren bila. CAMPINIA88
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 20a
10:50
Entzun

Jurgen Conings du izena. Belgikako Armadako tiro irakaslea da, eta haren bila ari dira Flandriako natur parke batean. Operazioan, 350 polizia eta militar baino gehiago ari dira. Arrisku handiko lantzat daukate, militar hori goitik behera armaturik baitago. Eskuin muturreko iritziak adierazi ditu, eta mehatxu egin izan dio Belgikan izurriaren kontrako borrokaren ardura duen Marc Van Ranst birologoari.

Zientzialaria eta haren familia leku ezkutu batera eraman dituzte.

Jurgen Conings militarra, berak sare sozialetan jarritako irudi batean.BERRIA

Astelehenetik, ez dago Conings militarraren berririk. Limburg herrian duen etxetik atera zen, eta arma astunez beteriko auto bat gidatzen ikusi zuten. Ehizatri batek zuen haren autoa, eta, barruan, suziri jaurtigailuak eta munizioa aurkitu zituzten.Uste dutenez, beste hainbat arma ditu, eta balen aurkako txaleko bat. Flandriako hedabideen arabera, autoan tranpa ezarria zuen militarrak: granada bat hariekin lotuta, norbaitek ateak irekitzean lehertzeko prestatuta.

Hoge Kempen natur parkea itxi dute, eta han ari dira militarraren bila azken orduetan.

Flandriako hedabideen arabera, gutun batzuk utzi ditu idatzita. Horietan, hil arte borrokatzeko prest dagoela adierazten du. Oso bortitza izan daitekeen eskuin muturreko ekintzailea dela adierazi dute. hedabideon arabera, gutun horietan esan du «ezin duela bizitzen jarraitu politikariek eta birologoek dena kendu diguten gizarte batean».

Alemanian bezala, Belgikan ere agintariak serio hartzen ari dira eskuin muturreko militarren mehatxuaren afera. Belgikan horretaz arduratzen den taldeak, esaterako, 30 bat ditu zaintzapean. Conings da horietako bat, eta «terroristen zerrendan» dutela adierazi du Belgikako Gobernuak.

Iheslaria 18 urterekin sartu zen armadan. Eliteko tiratzailea da, eta, besteak beste, Jugoslavia ohian, Iraken eta Afganistanen aritu zen. Arreta piztu du azken urteotan, adierazpen arrazistak egin dituelako, eta indarkeriarako joera erakutsi duelako. 46 urte ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.