Suitzako biztanleen %65 osatzen duten herrialde aleman hiztunetan indartsua zen orain arte, eta azken boz hauetan, biztanleriaren %20 hartzen duten eskualde frantses hiztunetan da gehienik hazi Blocherren alderdia. Suitzan, azken hamarkadetan behintzat, hauteskundeetako parte-hartzea aski apala zen, eta aldi honetan 4,7 milioi hautesleetatik %44,5ek eman dute botoa.
Alderdi indartsuena SVP bilakatu bada ere, aski hurbil geratu da PS Alderdi Sozialista, botoen %24,2 lortuta; hala, 52 hautetsi izango ditu Kontseilu Nazionalean, hots, aurretik baino bat gehiago. Bi ezagugarri horiek agerian uzten dute Suitzako panorama politikoan bipolarizazioa nabarmendu dela eta hori zentro-eskuineko alderdien kaltetan gertatu dela. Izan ere, PRD Alderdi Erradikal Demokratikoak eta PDC Alderdi Kristau-Demokratak zazpina hautetsi galdu dituzte, eta Kontseilu Nagusian 36 eta 28 diputaturekin geratuko dira, hurrenez hurren. Berdeak alderdi ekologistak, berriz, gora egin du, botoen %7,7 eta 13 hautetsi lortuta; aurretik bederatzi legebiltzarkide zituen.
1999ko bozetan, Suitza alemaniarrean erdietsi zituen SVPk emaitza onenak, aldi honetan, Suitza frantses hiztunean du nabarmen gora egin. Hala, aurreko bozetan hautagairik aurkeztu ez zuen Neuchatelgo kantoi edo herrialdean, botoen %22,4 bereganatu ditu, Genevan %7,5etik %18,3ra igo da eta Lausanan %10,7tik %20,8ra. Oro har, Suitza frantses hiztunean ditu irabazitako 11 diputatuetatik 7 lortu SVPk. Suitza alemaniarrean bere gora egitea moteldu bada ere, oso emaitza aipagarriak kausitu ditu, herrialde gehienetan botoen %30etik gora lortuta. Emaitza onena, Schwyseko kantoian erdietsi du, bozen %43,6 bereganatuta.
«SVP alderdi nazionala da orain, ez soilik Suitza alemaniar hiztuneko indar politiko bat» aldarrikatu zuen Christoph Blocherrek, bere alderdiak lortutako emaitzen berri hartu eta gero. Lorpen hauen ondorioz, SVPk atzotik jakinarazi zuen Suitzako Gobernua den Kontseilu Nazionalean bigarren gobernukide bat edukitzea eskatuko duela eta postu honetarat Blocher bera proposatuko duela. Kontseilu Nagusiak datorren abenduaren 10ean ditu Kontseilu Federaleko zazpi gobernukideak aukeratuko.
Abenduan amai daiteke 'formula magikoa'
1959tik indarrean den formula magikoa kontsentsuzko gobernu ereduaren arabera, Kontseilu Nazionaleko lau alderdi handienen artean banatzen dira Kontseilu Federaleko karguak. 1999ko hauteskundeen ostean, beraz, PS, PRD eta PDCk bi gobernukide bana jaso zituzten eta SVPk bat. Aldi honetako bozen ondorioz, haatik,SVPk bigarren gobernukide bat ukan nahi izanen du eta hori lortzean, PRD edo PDC Kontseilu Federaleko kide bakarrarekin geratuko da.
Zergak gutxitu, immigrazioa geldiarazi, seguritatea bermatu, Europako Batasunari arbuio egin izan direlarik bere kanpainako mezuak,SVPk argi eta garbi agerian eman du alderdi populista eta baita xenofoboa ere badela. Horiek horrela, PS, PRD eta PDCk eta orain arte formula magikoan partaide ez daudenbaina Kontseilu Nazionalean ordezkariak dituzten beste alderdi batzuek, hala nola Berdeek, erabaki dezakete SVPri bigarren gobernukide kargurik ez ematea. Kasu hau gertatzean, haatik, SVPk ohartarazi du gobernu federalean duen Defentsa postua bertan behera utziko duela, oposiziorat jotzeko.
«Suitza gobernaezina bilakatu al da?» titulatu zuten atzo Konfederazio Helvetikoko hainbat egunkarik, hauteskundeen emaitzak eta SVPren exigentziak komentatuta. Litekeena da azken 44 urteotan nola edo hala ibili den formula magikoak irauterik ez dezan izan abenduaren 10etik harat.
-
Soslaia
Christoph blocher
SVP alderdiaren sortzaile eta presidentea
Bateraezinen bateratzaile
Suitzako gobernukide izatea, bere bizitzako amets handiena gauzatzea espero duen Christoph Blocher SVPko buruzagiak politikari populista guztien ezaugarri, jokamolde eta bizi-urratsak ditu. Suitza alemaniar hiztuneko Schaffhausen hirian, 1940. urtean, sortu zen artzain protestante baten seme hau handizki aberastu da EMS-Chemie kimika eta plastikogintzako enpresa 1983an erosita, eta orduz geroztik hazita. Industria-gizon bilakatze horretatik diruduna egin da eta, gaur egun, AEBetako Forbes aldizkariaren arabera, 1,4 miliar dolarren jabe da Blocher eta dagoeneko Suitzako bederatzigarren pertsona aberatsena da.
Aberatsen artean aberatsa izan arren, jende xumea gogoan duela sinetsaraztea lortzen du. Hala, nekazariei esaten die Europako Batasunetik kanpo egonda, egun eskuratzen dituzten diru laguntza oparoak jasotzen jarraituko dutela eta langileei ziurtatzen die Suitzan %20 inguru diren etorkinei herrialdearen ateak itxita, euren lanbideak bermatuta egongo direla. Bere mailakoak, haatik, ez ditu ahaztu, zerga gutxitzeakaginduta. Oro har, bateraezinezkoen bateratzailea da.