Gehiago espero bazuten ere, ez da txikia eskuin muturreko Suediako Demokratak alderdiak lortu duen ordezkaritza —botoen %17,7 eskuratu dituzte—. Hirugarren alderdi bilakatuta, eta bi bloke nagusiak ia berdinduta geratu direla ikusita, harena izan daiteke aginterako giltza. Izan ere, ezkerreko nahiz eskuineko taldeek harekin akordioak hitzartzeari uko egin dioten arren, guztiek esan dute hitz egiteko prest daudela.
Suediako Demokratek aurreko bozetan baino ia sei puntu gehiago eskuratu dituzte hauteskunde hauetan. Lortutakoa baliatzeko asmoa iragarri du Jimmie Akesson hautagaiak: "Legebiltzarrean ditugun ordezkariak gehiago izango dira, eta eragina izango dugu datozen aste, hilabete eta urteetan Suedian hartzen diren erabakietan".
Aldiz, orain arte agintean izan diren sozialdemokratek behera egin dute nabarmen, eta haiekin koalizioan aurkeztu diren alderdi txikiei esker soilik eutsi diote lehen tokiari. Dena den, Stefan Lofven lehen ministroak iragarri du ez duela dimisioa aurkezteko asmorik eta bere esku dagoen guztia egingo duela koalizio gobernua osatzeko. Ordea, adituen ustez, zentro-eskuina da agintea eskuratzeko aukera gehien duena, nahiz eta horretarako aurkariekin akordioak lotu beharko dituen.
Migratzaileak
Azken hauteskundeak egin eta urtebetera, 200.000 errefuxiatu iritsi ziren herrialdera, eta 163.000 laguni eman zieten asilo politikoa. Horrek eragina izan du hauteskundeetan ere. Suediako Demokratak alderdia migrazio politikak gogortzearen aldekoa da, eta argudiatu du "zuzeneko harremana" dagoela haien eta indarkeriaren gorakadaren artean.