Eskuinak aurrea hartu dio FMLNri El Salvadorko udal eta parlamenturako bozetan

Arena alderdia indarberrituta agertu da; presidentetzarako bozak galdu ostean zatitu egin zen, 2009an

Erredakzioa
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Hogei urte egin zituen boterean Arena Aliantza Errepublikano Nazionalistak, 1989tik 2009ra, eta urte horretan FMLN ezkerreko alderdiak kendu zion presidentetza emaitza historikoetan. Hori gainditu ezinik, eskuineko alderdiaren baitan zeuden bi joerek nork bere bidea egitea erabaki zuten, eta hori dela-eta zeukan boterea berreskuratzeko modurik ez zuten ikusi adituek. Orain, ordea, indarberrituta iritsi da eskuina, eta ozta-ozta bada ere ezkerraren gainetik geratu da udal eta legebiltzarrerako bozetan. Hauteskundeen Auzitegi Gorenak botoen %70 kontatuta, eta ehuneko ehunean kontatu arte emaitza ofizialik ez dagoen arren, «aldaketa gutxi» egongo direla esan du Eugenio Chicasek, bozen auzitegiko presidenteak.

Auzitegiak emandako datuen arabera, Arenak botoen %39,88 eskuratuko lituzke, 33 eserleku; FMLNk, %36,87, 31 eserleku, eta Ganak, 11. FMLNk ez ditu emaitzak onartu, eta esan du «berdinketa» egon dela. «Jarrera hori daukagula argi utzi nahi dugu», Medardo Gonzalez FMLNko idazkari nagusiaren arabera, «eskuinak sekulako arrakasta izan balu bezala hitz egiten ari delako, baina indarra banatuta dago ezkerraren eta eskuinaren artean».

Legebiltzarraz gain, hiriburua eskuratzea izan da eskuinaren garaipenik handiena. San Salvadorko alkatetza ere Arenaren esku geratu da, eta Norman Quijanok jarraituko du hango alkate izaten. Jorge Shafik Handal diputatuak ez dio lehia irabaztea lortu. Shafik Handal FMLNko buruzagi historikoaren semea ia 35 puntu atzera geratu da. Hauteskunde auzitegiak ez du oraindik udaletako emaitzen ikuspegi orokorra eman.

Hauteskundeok erreferendum moduko bat zirela esan izan dute El Salvadorko komunikabideek, FMLNk gobernuan daramatzan bi urteetan egindakoaren gaineko galdeketa. FMLNk bi promesa egin zituen presidentetzarako hauteskundeetan: ekonomia hobetuko zuela eta indarkeria maila jaitsi, baina ez bata eta ez bestea ez dira gertatu.

El Salvadorko herritar asko senide emigranteen egiten duten diru bidalketari eskerrak bizirik irauten du, eta munduko bigarren herrialde arriskutsuena izaten jarraitzen du. 100.000 biztanleko 70 hilketa ditu, Irakek eta Afganistanek baino gehiago, eta narkotrafikatzaileek hartzen ari diren indarraren ondorioz, ez du aldatzeko itxurarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.