Departamenduen mapa urdindu egin da. Igandeko bigarren itzuliaren ondotik, eskuinak aginduko du departamenduen bi herenetan, ezkerrari 28 irabazita; hain zuzen, 67tan aginduko du eskuinak. UMPko presidente Nicolas Sarkozyk ez du aukerarik galdu, eta bere egin du garaipena, hurrengo urteko alderdiko primarioei begira. «V. Errepublikan gure familia politikoak sekula ez du horrenbeste departamendu irabazi». PS alderdiaren kontura irabazi ditu departamendu gehienak; sozialistek 32tan baino ez diote eutsi botereari. François Hollande presidenteak urtebetean galdu dituen laugarren bozak dira —lehenago udal bozak, Europakoak eta Senaturakoak egin zituzten—, eta jadanik zatitutako alderdi horretan arrakalak gehiago ireki dira. FNk, berriz, emaitza onak eskuratu arren, ez du ezein kontseilu nagusitan aginduko.
Eskuinaren uholdean, ito egin da ezkerra. Sinbolikoki ere garaipen biribila izan da. Ezkerraren gotorlekuen jabe egin da, orain arte hartu ezinak ziruditenetan: Nord, Seine-Maritime, Bretainia, Bouches-du Rhone —azken hori 1953. urtetik zegoen sozialisten esku—. Ikur gerra horretan, UMP-UDIren aliantzak ez dio ezkerrari arnasaldirik eman: PCF Frantziako Alderdi Komunistak kudeatzen zituen azken bi departamenduetako bat ere hartu du: Allier. Horrez gain, Hollandek agindu zuen Correze departamendua eta Manuel Valls lehen ministroaren Essone gotorlekua berreskuratu dituzte. Lau departamendutan oraindik ez da ziur zeinek irabazi duen, gehiengo osorik ez baitu inork.
Haatik, porrotak ez du aldaraziko gobernuaren norabidea. Horrela esan du Manuel Valls lehen ministroak. Ezkerraren zatiketei eta egoera ekonomikoari egotzi die botoen galera. Horregatik, PSk negoziazio sorta bat hasi du ezkerreko alderdiekin, bozen emaitzak aztertu eta iraileko eskualdeko hauteskundeei begira gerturatze bat sustatzeko. Presidentetzarako bozak 2017an egingo dituzte.
EELV ekologistekin egin zuten lehen bilera, atzo. Jean-Christophe Cambadelis PSko idazkari nagusiaren arabera, bi alderdien arteko harremana «berritu» dute. Halere, bilkura bat baino gehiago beharko dira ekologistak eta sozialistak banatzen dituen amildegia gainditzeko. « Hitz eginez lortzen da batasuna, baina baita ekintzekin ere. Frantziarren larritasunari erantzuteko proiektu baten beharra dago», adierazi du bilkuraren ostean ekologisten idazkari nagusi Emmanuelle Cossek.
Ikusteko dago ea Vallsen gobernua ezkerra batzeko gai izango ote den, alderdiko pitzadurak nekez itxi ditzakeen honetan. Izan ere, gero eta ozenagoak dira alderdi barruko kritikak, ezkerreko hegalekoak batik bat, frondeurs edo suminduenak. Emmanuel Maurel eurodiputatu eta Ile-de-France eskualdeko kontseilariak Vallsen mezua gaitzetsi du: «Galdu dugu, baina berdin jarraituko dugu». Politika ekonomikoa aldatu ezean, Maurelek ez du ezkerra batzeko helduleku posiblerik ikusten. «Desregulazio politika batetik irten behar dugu, horrek soldatak apaltzen baititu».
Sozialisten etxean ekainean egitekoak diren biltzarrari begira hasi dira lehen mugimenduak. Martine Aubry PSko idazkari nagusi ohi eta Lilleko alkatearen gertukoek bilera bat egingo dute gaur arratsaldean. Gobernuak proposaturiko ezkerreko alderdiekiko irekiera onartzeko, Aubryk ezinbestekotzat du politika ekonomikoa norabidez aldatzea. «Batasunik ezin da izan ez bagaude ados arazoaren muinean».
Tokian tokiko kutsua lurrinduta —abstentzioa %50 izan da—, alderdi politikoen indarra neurtzeko balio izan dute hauteskundeek. Neurketa horretan, Sarkozy indartu da gehien. Kanpainan bizi ibili da Frantziako presidente ohia, eta garaipena Eliseorako jauzi ohol gisa erabili nahi du. «Itxaropena piztu da Frantziarentzat. Alternantzia martxan da, eta inork ez du geldituko».
FNk, 62 kontseilari
Lehen itzulian 43 departamendutan irabazi ostean, garaipen sinbolikorik gabe geratu da FN: ez du eskuratu departamendurik. Halere, boto mordoa eta 62 kontseilari lortuta, tokian-tokian ongi errotuta dagoela erakutsi du. Marine Le Pen lorpen historikorik gabe geratu da, eskuin muturrak orain arte ez baitu lortu kontseilu nagusi baten agintaritza.
Departamendu askotan boto gehienak eskuratu arren, agindu ahal izateko kantonamendu gehienetan irabazi beharra zeukan. Beste alderdiek esana zuten ez zutela eskuin muturreko hautetsirik babestuko. Vaucluse departamenduko hautetsi Marion Marechal Le Pen haserre mintzo zitzaien kazetariei. Inkesten arabera, eskuin muturrak eskuratu behar zuen departamendu hori. «Guri kalte egiten digun hauteskunde sistema bat asmatu dute. FNren aurkako irain kanpaina arbuiagarria izan da. Haien etsaien alde bozkatzeko agindua eman dute beste alderdiek». Halere, Marine Le Penen alderdiaren estrategia luzera begirakoa da. «Eskualdeko eta presidentetzarako bozak egingo dira. Gutaz hitz egiten jarraituko dute».
Departamenduetako bozak Frantzian
Eskuinaren uholdeak are gehiago ireki ditu PS barruko arrakalak
Zentro-eskuinak aginduko du departamenduen bi herenetan, PSren kontura.Sarkozyk bere egin du garaipena, primarioetara begira.FNk ez du eskuratu departamendurik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu