Zenbaki hutsek beraiek argi bezain garbi uzten dute agerian eskuinaren porrota. Izan ere, herenegungo bozak baino lehen metropoli frantziarreko 22 eskualdeetatik 14 kontrolatzen zituelarik, atzodanik Alsazian bakarrik lortu du gehiengoa. Orain arte, beraz, Frantzia metropolitanoko 8 eskualde bakarrik kudeatzen zituelarik, ezkerrak 20 eskualdetan gehiengoa izango du jagoitik.
Sozialistek (PS), komunistek (PCF), ezkerreko erradikalek (PRG) ekologistek (Berdeak) eta Ezker Askotarikoak (DVG) bigarren txandarako osatutako aliantzaren garaipenaren neurriaz ohartzeko, adierazgarria da 1981. urteaz geroztik lehen aldikotz ezkerreko indarrek gehiengo osoa daukatela. Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera, ezkerreko indarrek bozen %50,1 lortu dituzte eskualdeetako hauteskundeetan; eskuinekoak, hots gaulistak, liberalak eta zentrista zenbait (UMP), zentrista independenteak (UDF) eta eskuineko besteak (DVD), aldiz, botoen %36,94rekin geratu dira, eta mutur eskuineko Fronte Nazionalak, berriz, %12,54 lortu ditu.
Zifreez haratago, Jean-Pierre Raffarin lehen ministroaren inguruan osatutako gobernuak orain arte eraman duen politikaren arbuiatze ozena agerian utzi duten ezaugarri garbienak dira eskuinaren kontrolpean zeuden zenbait eskualde ezkerraldera pasatzea. Raffarinentzat galera minberatsuena egongo da, ziur aski, bera luzaz presidente egon zen Poitou-Charente eskualdeak ezkerraren alde gehiengo zabalez jotzea, Segolene Royal ministro sozialista ohiak botoen %55,1rekin aurrea nabarmen hartu baitio orain arte lehendakari karguan zen Elisabeth Morini (bozen%36,2). Alabaina, aspaldiko ohituraz eskuineko gehiengo baten kudeantzapean zeuden beste eskualde ugari ere ezkerreko olde handi honetan harrapatuak izan dira, hala nola François Fillon Gizarte arazoetako ministroa buru izan zuen Pays-de-Loire, Gobernuko UDF ministro bakarra den Gilles de Robienen lehendakaritzapean izan zen Nord-Pas-de-Calais eta UDF presidentetzapekobakarra zen Rhone-Alpes. Ezkerreko indarrek orain arte inoiz kudeatu ez zituzten Auvernia, Champagne-Ardenne, Basse-Normandie eta Franche-Comte ere galdu ditu eskuinak. Ezker oldeak eraman ditu ia ukitu ezinak ziruditen eskualde lehendakariak ere, hala nola azken 24 urteotan Auverniako buruan zen Valery Giscard d'Estaing Frantziako presidente ohia.Galtzea espero ez zuen hainbat eskualdetan gain behera egiteaz gain, eskuinak ez du lortu Ile-de-France eta Provence-Alpes-Cotes-d'Azur (PACA) bi eskualde jendetsuenak ezkerrari kentzea. Hilaren 21eko emaitzek eta bi bozketa txanden arteko inkestek zertxobait aukera ematen bazioten ere eskuinari Parisen eta Marseillan boterea berreskuratzeko, itxaropen honen gauzatzetik oso urrun geratu da. Hala, Ile-de-France eskualdean Jean-Paul Huchon jarduneko presidente sozialistak 8 puntuko aldearekin aurrea hartu dio Jean-François Cope Raffarinen gobernuko eledunari, eta PACAn, berriz, orain arteko lehendakari Michel Vauzellek 12 puntuz garaitu du Renaud Muselier Europako arazoetako ministrordea. Ezkerraren garaipen zabal honek ez du eragin zuzenik Frantziako gobernu agintean, UMPk gehiengo handia baitu Palais Bourbon Legebiltzarrean. Hargatik, gobernu politikaren uko egite handi baten seinale dira emaitza hauek.
«Porrot larria jasan dugu»
«Gobernu gehiengoak porrot larria jasan du; Frantziako herritarrek samurraldi gogor bat agerian utzi nahi izan dute eta honi entzun egin behar diogu», aditzerat eman zuen UMPko presidente eta lehen ministro ohi Alain Juppek.
Raffarinen gobernuan herritarren oniritzi handiena duen Nicolas Sarkozy Barne ministroaren iritzian, berriz, «gertatutakoaren ondorioztatzeak atera egin behar ditu gobernu gehiengoak, zeren eta hauteskunde hauek tokian tokikoak baldin baziren ere maila nazionala hartu egin baitute nabarmen». Hitz horiekin kritika bihurtu zion Raffarini, hark kanpainan esan baitzuen eskualde bozen emaitzak ez zirela Frantzia mailako neurketatzat jo behar.Porrotaren neurriak hala beharturik, Raffarinek berak hauxe adierazi zuen atzo: «Aldaketak egon beharko dira; Gobernuaren ekinbideak eraginkorrago eta bidezkoago bihurtu beharko du». Goizean, Raffarin kargutik kendu eta Legebiltzarrerako bozak aurreratzea baztertzen ez zela zirudien arren, Jacques Chirac presidentearen adierazpenek karguari eutsiko ziola iradoki zuen Eliseoak: «Presidentea lehen ministroarekin ari da lanean, datozen egunetan hartuko dituen erabakien gainean». Raffarin egunotan ministrogai berri posibletzat jotzen ziren hainbat lagunekin bildu zen ondoren. François Hollande PSko idazkariak, haatik, argi utzi zuen gobernuan aldaketak egitea ez dela nahikoa eta «norabide politiko» erabat aldatzeko eskatuzuen. Raffarinen gobernuak «arbuio egite garbi bat» jasan duela iritzi ziolarik, Laurent Fabius lehen ministro sozialista ohiak ondorioztatu zuen aginte honek jada ez daukala inolako sinesgarritasunik.
-
Datua
FN, ordezkaritza erdia galduta.
Fronte Nazionala (FN) mutur eskuineko alderdiak 123 hautetsi baino ez du izango hemendik aurrera, Frantziako 22 eskualdetan; orain arte, aldiz, 275 zituen. Alta bada, 17 eskualdetan lehiatu zen bigarren txandarako, hauetan botoen %10eko gutxieneko maila lortu zuelarik lehen itzulian. Galera hauek eskualde bozketa hauetan finkatua izan zen zenbaketa arauak eragin dizkio, emaitzak eskualde osoan neurtuak zirelakotz eta ez departamendu bakoitzean. Hala ere, FN sendo da, batez beste botoen %12,34 lortu baititu igandeko bozetan.