Ez dugu gauza handirik eskatzeko; izan ere, dena eman digu jada», adierazi zuen herenegun Polinesia Frantziarreko gobernu autonomoko presidente Gaston Flossek. Tahoeraa Huiraatira (Polinesia Errepublikan egoteko Elkarretaratzea) alderdiko buruzagiak harrera lausengaria egin zion Jacques Chirac Frantziako presidenteari, hau iritsi zelarik Faa'ako aireportura, ostiralean. Kantu eta dantza polinesiarrak, lepoko lore sortak eta Frantziako zein Polinesiako ikurrak astintzen zituzten 4.000 lagunen harrera oparitu zizkion Flossek Frantziako Estatuburuari, «Polinesiarentzat egin duen guztiarengatik herritarren esker ona» azaltzeko.
Parisen menpeko autonomia
Haatik, Parisek Polinesiako bost uhartediarentzat egiten duen indar bakarra da, diru laguntzen bitartez erkidego autonomoaren ekonomiaren galerak tapatzea. Oro har, Polinesiako autogobernua Parisek ematen dion dirutzaren men dago erabat. Gaur egun baina aurretik ere halaxe zen Polinesiako salerosketa emaitzak erabat desorekatuta daude. Zehazki, 2002. urtean, autonomia erkidegoak 1,34 miliar euroko inportazioak egin zituen, eta esportazioak, aldiz, 176,6 milioira baino ez ziren igo. Ororen buruz, beraz, merkataritza defizita 1,16 miliar eurora igo zen iaz.
Alabaina, denbora berean, Parisen diru laguntzak eta eragilpenak 1,07 miliar eurora igo ziren, eta horrek agerian uzten du Polinesiako lehendabiziko bizibidea Frantziatik jasotzen duen diru mordoa dela. Inbertsio publikoentzat soilik, Parisek 150 milioi euroko dirutza eman zion, 2002an betiere, Papeeteko gobernuari, DGDE Garapenerako Dirutza Orokorraren bitartez. Alabaina, kontua da Polinesiako autonomia agintariek ez dutela ahal izan, ezta nahi izan ere, berezko ekonomia garapenik bultzatu. Frantziako Estatuaren laguntzatik aparte, turismoa da lurraldearen diru iturri nagusia (337,7 miloi euroko negozio kopurua eragiten du), baina nabarmentzekoa da arloak %17ko beherakada pairatu duela 2001-2002 artean. Lurraldearen berezko bigarren ekonomia baliabidea perlagintza da (125,8 milioi euroko negozio kopurua eragin zuen 2002an), baina honek ere beherako joera du. Eraikuntza arloa, aitzitik, sendo agertzen da: %16,3 hazi zzen 2002an, 300 milioi eurotik gorako negozio kopuru batekin. Haatik, kontuan hartzekoa da fiskalitate araudi berezi batek duela emaitza hori eragin.
Proba nuklearren salaketa
Ekonomian Polinesiako autonomia erabat Parisen menpeko da eta hori ozen salatzen dute abertzaleek. Frantziako presidentearen bisitaren karietara, Tavini Huiraatira (Polinesia Askea) alderdi abertzaleak bi manifestazio antolatu ditu asteburuan. Atzo elkarretaratze bat egitekoa zen Oscar Temaru, Tavini Huiraatirako buruzagia, Faa'ako udaletxe aurrean (bertako alkate da) eta, ondoren, ibilaldia Papeete hiribururaino, abertzaletasunaren figura nagusia izandako Puvanaa a Ooparen oroitarriraino. Igandean, berriz, protestaldi bat egingo dute Bora Boran.
Manifestazioek «Frantzia kolonizatzailea» salatzeko helburua dutela esan du Oscar Temaruk. «1946a arte, deskolonizatu beharreko herrialdeen zerrendan ginen, baina De Gaullek lortu zuen zerrendatik kentzea», adierazi zuen buruzagi abertzaleak. Ekonomia mendetasun oso batean atxikitzeaz gain, Polinesia «zabortegi» bezala baliatu du Parisek,Temaruk salatu duenez, proba nuklearrak gogoan.
1966-1996 artean, 196 proba nuklear egin zituen Frantziak Moruroa eta Fangataufako atoloietan. «Proben osasun ondorioei dagokienez, estatubatuarrek aitortu dute arazoak badirela eta britainiarrek ere antzekoa esan dute; Frantziak, ordea, horrelakorik aitortzeari uko egiten dio», adierazi du Temaruk, «burujabetasuna lortu nahi dugu halaber Hagako Nazioarteko Auzitegian Parisen aurkako salaketa bat egiteko gisan».
Eskupekoen lausenguak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu