Eslovakian homosexualen kontrako erreferenduma egin dute. Eslovakiarrak ezkontza homosexualaren eta sexu bereko bikoteek adoptatzeko duten eskubidearen gainean bozkatzera zeuden deituta, baina bozketa baliorik gabe geratuko da Martin Poliacik Hauteskunde Batzordearen idazkariordeak iragarri duenez. Emaitza balekoa izateko %50ekoa izan behar zuen parte hartzeak, baina Poliaciken arabera ez da %35etik pasa.
"Hiri handietan parte hartze handiagoa espero genuen", aitortu du. Galdeketaren bultzatzaileek ere onartu dute parte hartze txikia. Familiaren Aldeko Aliantzak (AZR) 400.000 sinadura bildu zituen galdeketa bultzatzeko. Parte hartzearen datua ezagutu ostean, baina, esan dute galdeketa bera egin izana ospatzeko modukoa dela. Eslovakiako Konstituzioak homosexualen ezkontzak debekatzen zituen jada aurretik, baina galdeketari eutsi dio AZRk.
Eliza Katolikoak ere bultzatu du galdeketa, eta Frantzisko aita santuak AZRren kanpainan bere irudia erabiltzea baimendu zuen. Eslovakiarren %70 dira kristauak.
LGTB kolektiboaren eskubideak, mahai gainean
Inakosti LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko elkarteko ordezkari Martin Mackok ere alde ona atera dio galdeketari. Bere hitzetan gutxiengo horietaz hitz egiten hasi da eta eztabaida iritzi publikora iritsi da. "Positiboa da [LGTB] komunitateko kideak hedabideetara joan direlako eta euren familiekin aurkeztu direlako", esan du.
5.000 bozkaleku jarri dituzte, eta gauean itxi dituzte. Behin betiko emaitzak, baina, astelehenean emango dituzte; igandekoak behin behinekoak izango dira. Hiru ziren galderak: ezkontzeko gizon eta emakume bat behar diren, homosexualek adoptatzeko eskubidea duten, eta gurasoek nahi ez badute, haurrek sexu hezkuntza ez izatearen ingurukoa.