Esloveniak amaitutzat eman du epidemia

Gaitza kontrolpean duela aldarrikatu duen Europako lehen herrialdea izan da Eslovenia.

Janez Jansa lehen ministroa, legebiltzarrean egindako agerraldi batean. IGOR KUPLJENIK, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 15a
12:47
Entzun

«Gaur Esloveniak ditu Europako daturik onenak pandemiari dagokionez, eta, beraz, amaitutzat jo genezake epidemia», esan du Janez Jansa lehen ministroak. Bi milioi biztanleko herrialdeak bi hilabete egin ditu berrogeialdian, eta mugak irekitzea erabaki du.

Gobernuaren arabera, Austria, Italia eta Hungariako herritarrak arazorik gabe sar daitezke herrialdean, puntu jakin batzuetatik, baina EBtik kanpokoek 14 eguneko berrogeialdi bat igaro behar dute muga igaro ostean. Dena den, ohartarazi dute beste hainbat neurrik ere indarrean jarraituko dutela, kutsatzeko arriskua dagoen bitartean; besteak beste, segurtasun tartea eta gune publikoetan maskarak erabili beharra.

Epidemia amaitutzat eman izanak baditu ondorio ekonomikoak ere, gobernuak bertan behera utzi ahalko baitu berez ekainaren amaierara arte indarrean zeuden herritarrentzako laguntza ekonomikoak.

COVID-19 lehen kasua martxoaren 4an agertu zen Eslovenian; Italiatik itzuli berri zen herritar bat izan zen lehen positiboa. Zortzi egun geroago, epidemia egoera ezarri zuen gobernuak, eta mugatu egin zituzten herritarren joan-etorriak. Maiatzaren 13rako, 1.467 ziren gaixotuak, eta 103 hildakoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.