Esloveniaren

Serbia EBn sartzeko prozesua azkartu nahi du Bruselak; Kosovo ez duela trukerako txanpon gisa onartuko berretsi du, alta, Belgradek.

Kristina Berasain Tristan.
2008ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
EB Europako Batasuneko behin- behineko presidentetza urte berriarekin hartu zuen Esloveniak. Estatu kide berrien artean horrelako erantzukizuna hartzen aurrenekoa izan da eta bi milioi biztanle baino ez dituen herrialde honen erronka handia da. Balkanetara begira dago. Kosovoren etorkizuna bideratu behar du bere agintaldian -ekainaren 30 arte iraungo du- eta independentzia prozesua zuzendu borrokak berriz pizteko arriskuak saihestuz.

Jugoslavia ohiko estatu honek -komunista izandakoa- ez du lan erraza izango. Janez Jansa Esloveniako lehen ministroak independentzia prozesua «motela» eta «ikuskatua» izango dela aurreratu du jada. Une hauetan hogei estatu kide, «pisutsuenak», independentzia onartzearen alde daudela jakinarazi du Jansak. Ziprek eta Greziak, alta, oztopoak jarriko dituzte, eta beste hainbat herrialde ere, maila batean edo bestean, independentziaren kontra agertu dira -Eslovakia, Errumania eta Espainia kasu-.

Serbia izango da, dena den, estatu kideek modu batera edo bestera limurtu beharko duten herrialdea. Europako Batasunean sartzeko negoziazioak aurrera doaz eta hilaren 28an sinatu nahi dute bat egiterako akordioa Serbiarekin. Ratko Mladic jenerala eta Radovan Karadzic buruzagi ohia nahi ditu aurretik Europako Batasunak. Eta Kosovori uko egitea.

Dimitrij Rupel Esloveniako Atzerri ministroak erabateko kooperazioa eskatu dio Serbiari: «Serbia Europaren parte da europarrok behar dugun herrialdea da. Premiazkoa da auzi hau aurki konpontzea eta akordioa sinatzeko urrats txiki hori egitea». Europako Batzordeak helburu horretan laguntzeko xede izango duen lan talde berezi bat eratu berri du.

Belgradek, alta, behin baino gehiagotan zehaztu du ez duela trukean ezer onartuko; Kosovo uztearen truke ez duela estatu kide izateko prozesu azkarrago bat onartuko, alegia.

LISBOAKO ITUNA.Lisboako Ituna berresteko prozesuak bide onetik joatea bermatu beharko du Esloveniak. Horixe du bigarren erronka. 2009. urtearen hasieran jarri nahi dute indarrean eta ordurako herrialde guztiek berretsita eduki beharko dute. Anibal Cavaco Silva Portugalgo presidenteak herrialde horretan ere testua legebiltzarrean bozkatuko dutela jakinarazi du. Irlanda izango da ituna erreferendum bidez bozkatuko duen herrialde bakarra.

Ituna berresteko prozesuak porrot eginez gero, ordaindu beharreko prezioa oso handia izango dela ohartarazi du Cavaco Silvak. Abenduaren 13an estatu kideek hitzartu zuten testua ezerezean ez gelditzea bermatu beharko du, beraz, Esloveniak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.