Egunak daramatzate Espainiako komunikabide gehienek Bartzelonan egunotan 1914tik 2014ra Katalunian Espainiak izan duen eraginari buruz egingo duten sinposioaren harira, "historia manipulatzeko katalanen estrategiak" direla eta ez direla. Bartzelonan hitzaldietarako egokitu duten lekua txiki geratu da, sortu duten polemikaren eta jakin-minaren ondorioz. Atzo bertan Espainiako fiskal nagusiak esan zuen PPCk, UPDk eta Ciutadansek aurkeztutako salaketak aztertuko dituela, haien ustez "gorrotoa sustatzen" duelakoan, baina polemikaz gaindi, Kataluniako historia ezagutarazteko saioa egin nahi dute hiru egunez hainbat adituk. "Ez dugu inor mindu nahi, historia ezagutu behar da", nabarmendu du Homsek.
XVIII., XIX., XX. eta XXI. mendeetan Kataluniak jasandako errepresio instituzional, miltar, politiko eta administratiboa aztertuko dute, agerian uzteko Espaniak Katalunian izan duen eragina. Migrazioaz, Eliza katolikoaz, hizkuntza eta kulturaren jazarpenaz, historiaren faltsutzeaz, komunikabideetan egon den zentsuraz, zuzenbidearen bidetik izan diren jarreraz eta jokabideaz ariko dira, besteak beste.
Bartzelona Felipe V.aren tropen esku geratu zela hiru mende bete direla-eta erabaki du Historia Garaikidearen Zentroak sinposioa egitea. Francesc Homs Generalitateko presidentetzako kontseilariak eta Historia Garaikidearen Zentroko zuzendari Jaume Sobrequesek eman diote hasiera sinposioari. "Eztabaida sosegatua" izatea nahi du Homsek. Haren ustez, "ezin da aurrera egin, aniztasun akademikoa onartzen ez bada".
Hauek zuzenduko dute sinposioa: Ferran Requejo Pompeu Fabra unibertsitateko zientzia politikoetako irakasleak, Gaspar Feliu Bartzelonako Ekonomia Unibertsitateko katedradunak, Antoni Dalmau idazleak eta Oriol Amat Pompeu Fabrako finantza ekonomikoen katedradunak.
Ekitaldiak larunbatean amaituko dira, Salvador Cardus soziologoaren hitzaldiarekin: Umiliazioa loraldi independentistaren piztaile.