independentzia

Espainiak Europan trabak jarriko ditu Kosovoren independentzia aitortzeko

Garcia-Margallo Atzerri ministroak esan duenez, prest daude Kosovorekiko "gertutasuna" azaltzeko, baina betiere "independentzia aitortzen eta egonkortzen duen edozein adierazpen, ondorio edo baieztapenik" ez badu egiten Europako Batasunak.

2012ko otsailaren 27a
18:56
Entzun

Espainiako Gobernuak adierazi du prest dagoela Kosovorekiko "gertutasuna" azaltzeko, betiere Europako Batasunak (EB) ez badu Kosovoren independentzia aitortzen. "Gure jarduera bateraezina Kosovoren independentzia aitortzen eta egonkortzen duen edozein adierazpen, ondorio edo baieztapenekin", esan du Jose Manuel Garcia-Margallo (PP) Espainiako Atzerri ministroak gaur Bruselan, EBko beste Atzerri ministroekin bilera egin ostean.

Serbia eta Kosovori buruzko bilera egin dute, eta gehienak prest agertu dira Serbia EBn sartzeko hautagai gisa jotzeko aste honetan bertan. Europa eta Kosovoren arteko balizko lankidetzaz ere mintzatu dira. "Beste herrialde batzuekin jarri dugun baldintza da Europak han zer egin dezakeen aztertzeak ezin duela ekarri hango independentziaren aitortza", adierazi du Garcia-Margallok.

Espainiako ministroaren arabera, "arrazoi juridiko eta politikoengatik" dago Espainiako Estatua Kosovo burujabe izatearen aurka, "ez barne mailako arrazoiengatik".

EBn Espainia eta beste lau herrialde baino ez daude Kosovoren independentziaren aurka. 27 kidek osatzen dute Europako Batasuna.

Eskoziako kasuarekin ere buruhausteak ditu Espainiak. Izan ere, duela hilabete Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen Espainiako agintariak kezkatuta daudela Eskoziako erreferendumarekin eta balizko independentziarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.