Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gaur eman du epaia, Espainiak mugan egindako kanporatzeengatik, eta onartu egin ditu itzulketa horiek; 2017an zigorra ezarri zion auzitegiak, baina, orain, atzera bota da. Melillatik Marokorako bi lagunen kanporatzea izan zen auziaren kausa: salaketa jarri zioten Espainiari, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zuela iritzita. Orduan, Estrasburgoko Auzitegiak «izaera kolektiboko kanporatzetzat» jo zuen hura. Saharaz hegoaldekoak ziren bi gazteak, eta Melillako harresia gainditzen saiatu ziren 2014ko abuztuaren 13an, beste 80 migratzailerekin batera. Hesia pasatu eta berehala, ordea, Guardia Zibilak atxilotu, eta Marokora bidali zituzten. Inongo tramiterik egin gabe itzuli zituzten biak, eta errekurtsoa aurkezteko aukera ere ukatu zieten.
Estrasburgoko Auzitegiak gaur irakurri du ebazpena, eta atzera egin du hasieran hartutako erabakiari dagokionez. Horrela, «baimenik gabeko» lekuetara sartuz eta «indarra» erabiliz, «legez kontrako egoeran» haiek berak jarri zirela azpimarratu du auzitegiak. Epaiak gaineratu duenez, migratzaileek erabaki zuten ez erabiltzea Espainiara modu erregularrean sartzeko «sarbide legalik». Kondena berretsiz gero, ondorioak izan zitzakeen egun indarrean dagoen migrazio politikan; ez bakarrik Espainian, baita Europa osoan ere. Izan ere, hainbat herrialdek egiten dituzte mugako kanporatzeak.
Hasieran, eragindako ondorio moralak zirela-eta, bakoitzari 5.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu zuen auzitegiak. Orduko Espainiako presidente Mariano Rajoyk, baina, helegite bat aurkeztu zuen epaiaren aurka, eta beste neurri bat hartu zuen auziak —Espainiako Gobernuak 2015ean onartu zituen kanporatze horiek, Herritarren Segurtasunerako Legeari xedapen gehigarri bat erantsita—. Gobernu sozialistak ere jarrera horri eutsi zion 2018an eginiko auzi saio batean, eta Rafael Leon Estatuaren abokatuak honela argudiatu zuen: «Atzerritarrak ez onartzea ez da haiek kanporatzea». Alabaina, salaketa jarri zutenen abokatuek zorrotz kritikatu zuten hori, eta «migrazio presioagatik euren jokabide ilegala justifikatzen saiatzea» egotzi zioten.
Epaia Espainiaren aurkakoa balitz, migrazioaren inguruko legediari buelta bat eman eta hori aldatzera bultza zezakeen. Badirudi, baina, ez dela horrelakorik gertatuko, eta bere horretan jarraituko dutela migrazio politikek.