Katalunia

Espainiako Auzitegi Gorenak amaitutzat eman ditu Mundoren, Borrasen eta Vilaren kontrako zigorrak

Auzitegiak azaldu du bukatu dela desobedientzia delituagatik ezarri zien urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioren epea.

Meritxell Borras, Santi Vila eta Carles Mundo kontseilari ohiak akusatuen aulkian, 2019ko epaiketan. EMILIO NARANJO / EFE
Julen Aperribai.
2021eko ekainaren 11
14:22
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak erantzukizun penala kendu die Kataluniako prozesuaren harira kondenatutako hiru kontseilari ohiri , eta, horrenbestez, amaitutzat eman du haien aurkako zigorra. Epaitegiak azaldu du Carles Mundo Justizia kontseilari ohiak, Meritxell Borras Gobernazio kontseilari ohiak eta Santi Vila Enpresa kontseilari ohiak herenegun bete zutela beren kontrako zigorra. Urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri zien, desobedientzia delituagatik, eta, beraz, hemendik aurrera kargu publikoetan aritzeko aukera izango dute.

2019an epaitutako gainerako kontseilariak ez bezala, Mundo, Borras eta Vila ez zituzten epaitu matxinada eta sedizio delituengatik, eta aske zeuden epaiketa egin zenean. Fiskaltzak diru publikoa bidegabeki erabiltzea eta desobedientzia egozten bazizkien ere, auzitegiak desobedientziagatik soilik zigortu zituen. Auzitegiak argudiatu zuen 2017ko urriaren 1eko erreferenduma egiteko gobernu akordioarekin bat egin zuten arren ez zituztela beraiek gidatutako kontseilaritzen baliabideak eginbehar horretara bideratu.

Horregatik, kartzela zigorra saihestu ahal izan zuten. Urtebeteko eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa eta 60.000 euroko isuna jarri zieten. Gero, Gorenak isuna arindu zien, prebentziozko espetxealdian eman zituzten egunak kontuan hartuta. Mundok eta Borrasek 35.600 euroko zigorra ordaindu behar izan zuten —33 egun igaro zituzten espetxean—, eta Vilak, berriz, 48.400 eurokoa —gau bakarra pasatu zuen kartzelan—.

Espainiako Gobernua aztertzen ari den indultuek barne hartzen dituzte hiru kontseilari ohien kasuak, baina baliteke haien zigorrak amaitutzat eman izanak baliogabe uztea indultu horiek. Duela zenbait aste Gorenak txosten bat igorri zion Espainiako Justizia Ministerioari, eta prozesuagatik zigortutakoei indultua ematearen kontra ageri zen bertan. Hala ere, txosten horretan zehazten zuen Mundoren, Borrasen eta Vilaren kasuak ez zirela zertan aintzat hartu, haien kondenak ia amaituta zeudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.