Espainiako Auzitegi Goreneko buruak luze espero izandako dimisioa eman du

Carlos Divarrek adierazi du ez dela sentitzen ezeren errudun, eta kanpaina anker baten biktima izan dela

2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Carlos Divar Espainiako Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko (CGPJ) buruak dimisioa eman du azkenik. Ustez diru publikoa xahutzeagatik sortu den eskandaluaren harira etorri da espero baino gehiago luzatu den kargu uztea. Divarrek, baina, ezer txarra egin izanaren kontzientziarik ez duela adierazi du, eta dimisioa eman badu egoera «jasanezina» zelako eman duela azaldu du. Izan ere, kanpaina «anker eta neurrigabe» baten biktima izan dela salatu du. «Ez naiz ezeren errudun sentitzen».

Iragan larunbatean zen dimisioa ematekoa, baina atzora arte atzeratu zuen erabakia, astelehenean Auzitegi Gorenaren 200. urteurrenaren harira egin zituzten ekitaldietan parte hartu ahal izateko. «Erakundearen errespetuagatik» eskatu zuen atzerapena, eta CGPJko kideek onartu egin zuten azken luzapen hori. Atzoko aparteko osoko bilkura hasi eta berehala jakinarazi zuen larunbatean aurreratu zuen «jarrera irmoa». Haren dimisioak ez du ezustekorik eragin, eta ez da beharrezkoa izan haren dimisioa eta kargugabetzea eskatzen zuten kideen proposamenak bozkatzea.

Ordezkoa aukeratu bitartean, CGPJko presidenteordeak, Fernando de Rosak hartuko du erakundearen buruzagitza, eta Juan Antonio Xiol epaileak, berriz, Auzitegi Goreneko gidaritza. Lehenak lasaitasunerako mezua igorri nahi izan du, Divarren dimisioak erakundearen lanean oztoporik ez duela eragingo argudiatuta. Dena den, aitortu du Divar auziak CGPJren irudia nabarmen kaltetu duela. Erakundeko kideek, hain zuzen ere, orain arte presidente izan dutenaren dimisioarekin «gardentasunean» oinarritutako etapa berri bat hastea espero dutela adierazi dute. Arrazoitu gabeko bidaiak eta gastuak Botere Judizialaren kutxatik ordaintzearen aroa amaitu dela diote. CGPJko bozeramaile Gabriela Bravok ere erakundearen «sinesgarritasuna» berreskuratzeko esperantza agertu du. Divarrek, hain justu ere, erabakia «epaile xumeen» izenean hartu duela esan du, bere irteera «gizartearentzat eta justiziarentzat» onena dela argudiatuz. «Garrantzitsuena erakundeak dira, ez pertsonak», gaineratu du.

Mendekuaren mamua

Erreakzio kate luzea eragin du Divarren dimisioak, lehen aldia baita Auzitegi Goreneko presidente batek kargua uzten duela. Justizia Ministro Alberto Ruiz Gallardonek erabakia errespetatzen duela adierazi du. Epaileen izen ona berreskuratzeko aurrera begiratzeko eta lan egiteko garaia dela nabarmendu du Gallardonek.

Alderdi sozialistako idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak ere Botere Judizialaren izen ona berreskuratzeko lanean hasi beharra nabarmendu du, eta Divarren ordezkoa lehenbailehen aukeratzeko eskatu du. CiUko Kongresuko bozeramaile Josep Antoni Duran i Lleidak, aldiz, mendekuaren mamua berpiztu du, «barne vendetta» bat aipatuz. EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak, berriz, erabakia «beranduegi» iritsi dela kritikatu du, erakunde publikoen «garbitasunagatik» beharrezkoa zela gaineratu badu ere.

32 bidaia eta 28.000 euro

CGPJko kide Jose Manuel Gomez Benitezek Divarrek diru publikoa xahutu zuela salatu eta berehala, haren aurkako kanpaina abiarazi zuten; 100.000 lagunen sinadurak bildu dituzte Divarren dimisioaren alde. Botere Judizialaren sinesgarritasuna eta izen ona gordetzeko, beharrezkoa zen presidentearen dimisioa, kanpainako ekintzaileen arabera.

2008 eta 2011 bitartean 32 bidaia egin zituen Divarrek CGPJren kontura —gehienak Marbellara—. Horien ofizialtasunik, baina, ez du frogatu. Divarrek lehen klaseko bidaietan, luxuzko hoteletan eta jatetxeetan 28.000 euro inguru gastatu zituela azaleratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.