Presazko bilera egingo du astelehenean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. 12:30ean batzartuko da, erabaki bat hartzeko Kataluniako Parlamentuak batzorde konstituziogilearen ondorioak onartu izanaren aurrean.
Zehazki, erabakiko du zein neurri hartuko dituen bermatzeko "deskonexio prozesuaren" aurka auzitegi horrek berak emandako ebazpena nola betearaziko duen. Espainiako Gobernuak ministroen kontseiluan onartu du exekuzio-intzidentea aurkeztea, eta auzitegiari eskatu dio bide penala abia dezala Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko lehendakariaren aurka, desobedientzia delitu bat egin duelakoan.
Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteari ere zuzendu zaio Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramailea. Generalitateari eskatu dio ez dezala inolako neurririk hartu deskonexio legeak betetzeko bidean, eta gogoan izan ditzala "isunak eta beharrezkoa den denboran kargugabetzeak". Mehatxu egin du Saenz de Santamariak: "Hala egin ezean, ardura penalak eskatuko ditugu".
Forcadellek hainbat elkartasun mezu jaso ditu sare sozialetan, eta horiei erantzun die: "Inoiz baino konpromiso gehiago [Kataluniako] Parlamentuaren askatasunarekin edozein gai eztabaidatzeko. Eskerrik asko zuen babesagatik".
Més compromesos que mai amb la llibertat del #Parlament per debatre qualsevol tema. Moltes gràcies a tots pel vostre suport. -CF
— Carme Forcadell (@ForcadellCarme) 2016(e)ko uztailak 29