Azaroaren 20ko Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetarako ERCk elkarrekin aurkezteko proposamen egin die gaur Reagrupament, Solidaritat Catalana per la Independencia (SI) eta independenteei. Koalizioa osatuko lukete, Oriol Junqueras ERCko presidenteak esan duenez, baina hauteskunde marka ERCkoa litzateke, ondoren azalpen batekin, eta Kataluniako lau lurraldeetako zerrendaburuak ERCkoak lirateke.
Proposamena "eskuzabala" dela iritzi dio Junquerasek, eta uste du beste eragileak "ERCrekin elkartuko" direla. Reagrupamentekin aurreratuago dituzte elkarrizketak, hainbat udaletxetan batera daudelako.
Kataluniako gaurko egoera "larria" dela esan du ERCko buruak, eta autogobernuan aurrera egin beharra dutela.
ERCk 2008an Kongresurako bozetan hiru diputatu lortu zituen, 296.473 botorekin. 2004koetan zortzi diputatu, 652.196 botorekin. Reagrupament eta SI ez ziren aurkeztu duela hiru urteko hauteskundeetan.