Espainiako Gobernuko bozeramaile Iñigo Mendez de Vigok mintzagai izan du Kataluniako Gobernuaren iragarpena. Esan du "inora ez daraman estrategia baten beste pauso bat" dela eta estrategia hori "gero eta minoritarioagoa eta gero eta alde bakarrekoagoa" dela: "Gero eta gutxiago dira: erradikalenak daude soilik".Legea bete behar duela ohartarazi dio Puigdemonti, eta gaineratu Espainiako Gobernuak "iragarpenetik ekintzetara igarotzen den edozein urratsen aurka" egingo duela.
Europako Batzordeak orain arte izandako jarrerari eutsi dio, eta ez du iritzirik eman erreferendum iragarpenaren inguruan. Alexander Winterstein bozeramaileak azaldu duenez, Europako Batzordeak "inoiz ez" du iritzirik ematen "estatu kideen ordenamendu konstituzionalari" eragiten dioten gaien inguruan.
ANC Kataluniako Biltzar Nazionala pozik azaldu da erreferendum iragarpenarekin, uste baitu alderdiek "konpromisoa bete" dutela: "Lau hilabete falta dira urriaren 1erako, eta kendu nahi diguten demokrazia defendatzea bezain garrantzitsua izango da baiezkoak irabaztea". ANCk espero du "aurki" izatea deialdi ofiziala.
Ohar batean, Gure Esku Dago-k adierazi du "komunitate politiko baten erabakitzeko borondatea bideratu eta gauzatzeko tresna demokratikoa" dela erreferenduma, eta babesa azaldu dio galdeketari, "katalanen gehiengoaren borondateari erantzuten diolako; demokrazian sakontzea dakarrelako; erreferenduma demokrazia delako; erreferenduma, demokrazian, korapiloak askatzeko tresna eraginkorra delako; erabakitzeak libreago egiten gaituelako; eta burujabetza handiago baten ateak irekitzeko balio duelako".
Halaber, uste du "katalanen ahaleginak merezi duela une honetan euskal herritarren babes eta beroa". Ildo horretan, uste du bihar Bilbon egitekoa den mobilizazioa "babes eta berotasun hori adierazteko aukera ezin hobea" dela.
Omnium Culturalek "kuraia" eskatu du erreferenduma prestatzeko. Jordi Cuixart presidenteak dei egin du "batasunez eta arduraz lan egiten jarraitzera".
AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak, berriz, laguntza eskaini dio Generalitateari: "Eskatzen zaizkien ardurak beteko dituzte udalek. Eta katalanok erabakiko dugu". Puigdemonten iragarpena "oso garrantzitsutzat" badu ere, uste du Espainiako Gobernuak "etengabe oztopoak" jarriko dituela.
Alderdi politikoen artean, askotarikoak izan dira erreakzioak. Gobernuko presidenteorde eta ERCko buru Oriol Junquerasek erreferendumaren beharra azpimarratu du estatu "bidegabe eta ez-eraginkor baten aurrean".
Miquel Icetak (PSC) iragarpena kritikatu du, haren iritziz erreferenduma ez delako egingo eta "ez daramalako inora". Hitz egiteko eskatu die Espainiako eta Kataluniako gobernuei.