Komunikabideak

Espainiako Gobernuak dio aztertu egin behar dela argitalpenen bahiketaren neurria

De la Vega presidenteordearen ustez, neurria "iraganekoa" da eta "adierazpen askatasunari mugarik ez" zaio jarri behar. "Baina eskubide horrek bateragarria izan behar du ohorearekin, intimitatearekin, irudiarekin eta erakunde demokratikoen errespetuarekin". Espainiako Fiskaltzak egin zuen =iEl Jueves=i aldizkari satirikoaren azken zenbakiaren ale guztiak erretiratzeko eskaera.

2007ko uztailaren 23a
15:47
Entzun
El Jueves aldizkari satirikoaren azken zenbakiaren ale guztiak erretiratzeko Espainiako Fiskaltzak eskatu zuen arren, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuaren presidenteordeak eta bozeramaileak gaur esan du "berriro aztertu" behar dela argitalpenen bahiketaren neurria, "iraganekoa delako". Nueva Economia Forum-en komunikabideekin egindako gosari-agerraldian kazetari baten galderari erantzunez esan du hori De la Vegak.

Juan del Olmo Espainiako Auzitegi epaileak ostiralean eman zuen El Jueves-en aleak erretiratzeko agindua, Espainiako erret familia iraintzen zuelakoan. De la Vegak larunbatean adierazi zuen Gobernuak ez zuela horretaz iritzirik emango, "errespetatu" egiten duelako epailearen erabakia. "Hala ere -esan du gaur- ona da gogoeta irekitzea. Izan ere, garai hauetan neurria bera berriro aztertu egin beharko litzateke, bere jatorria eta eraginkortasuna ezbaian daudela uste dudalako".

Espainiako Gobernua "adierazpen askatasunari mugarik ez" jartzearen aldekoa dela ziurtatu du presidenteordeak, "baina eskubide horrek bateragarria izan behar du ohorearekin, intimitatearekin, irudiarekin eta erakunde demokratikoen errespetuarekin".

Hain zuzen, El Jueves-ek Asturiasko printze-printzesei egiten die irain, Del Olmok uste duenez, amodioa egiten ageri direla-eta. Espainiako Gobernuak ume jaioberri bakoitzeko emango duen 2.500 euroko laguntza da marrazkiaren gaia, eta testua, printzearen karikaturak esana: "Ohartzen al zara? Haurdun geratzen bazara, hau izango da nik egindako gauza guztien artean lan egitearekin antz handiena duena!”.

Epailearen aurrera

Fiskaltzak adierazi du hurrengo egunetan eskatuko diola epaileari karikaturaren egile Guillermo eta testuaren egile Manel Fontdevila dei ditzala, deklaratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.