Joan den ostegunean Espainiako Justizia Ministerioak egindako oharra paperontzira bota, eta oso bestelako erabakia hartu du Espainiako Gobernuak, epaileen hainbat elkarteren eta PPren eta Ciudadanosen presioen ondorioz: gobernua ez dela bere funtzioak betetzen ari leporatu diote. Hau da Justiziak joan den ostegunean azaldutakoa: "Gobernuak ez du inolaz ere bere gain hartuko Pablo Llarenaren defentsa, leporatzen zaizkion ekintza pribatuengatik".
Gobernuak orain arte bi argudio zerabiltzan Llarena ez babesteko: batetik, CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari zegokion epailea babestea, eta, bestetik, Madrilek ezin zuen epailea babestu leporatzen dizkioten ekintza pribatuengatik. Larunbatean bilera egin zuen Pedro Sanchez presidenteak bere ministroekin, eta jarreraz aldatzea erabaki zuten. Atzo gobernuak azaldutakoaren arabera, Llarena Belgikan defendatzeko legelari taldearen kontratazioa amaitzen ari da, eta, dioenez, "egun batzuk" daramatza zeregin horretan. Modu horretara gezurtatu du iritzi aldaketa egon dela gobernuan.
Justizia ministro Dolores Delgadok argi utzi berri du gobernuak Espainiaren jurisdikzioa defendatuko duela: "Orain Espainiako interesak defendatzeko estrategian ari gara lanean, horrek bere gain dakar Llarenaren defentsa egitea".
Puigdemonten salaketa
Puigdemontek eta kontseilari ohiek jarritako salaketak epailearen deklarazio batzuk ditu oinarrian. Salatzaileek diotenez, "epailearen jurisdizkio-funtzioetatik kanpo egindako adierazpenak dira", eta beren ohoreari eraso diote eta errugabetasun presuntzioaren kontrakoak dira. Adierazpenak aztertzearekin batera Belgikako epaileari eskatzen diote urriaren 1aren kontrako kausa azter eta kontuan har dezala Auzitegi Goreneko epailea zigortu edo ez erabakitzerakoan. Uste dute garrantzitsua dela epaileak azken hilabeteotan hartutako erabakiak aztertzea, inpartzialtasuna erakusteko orduan. Salaketak dioenez, "helburua ez da Belgikako epaileak a-priori bere iritzia ematea Espainian abian dagoen ekintza penalari buruz. Ordea, oinarrizkoa da ez ahaztea testuinguru politikoa eta errepresio judiziala, salaketa zibila aztertzeko orduan".
Salaketak 2015eko urriaren 27tik gaur arte izandako ekintzarik garrantzitsuenak ere azaltzen ditu. 2015eko urriaren 27an independentistek gehiego osoa lortu zuten legebiltzarrean, eta ordutik Generalitateak hartutako erabakien zerrenda ere egiten dute, argudiatuz beren hauteskunde egutegia aplikatu besterik ez dutela egin.
Polemika botere judizialean
Llarenaren inguruko polemika ez da soilik politikoa izan. CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusian ere sortu ditu iritzi kontrajarriak. Izan ere, Belgikak Llarena irailaren 4rako deklaratzera deitu zutela jakin ondoren babesa eskatu zion epaileak CGPJari, joan den abuztuaren 16an, eta botere judizialeko talde iraunkorreko zortzi epaileetatik zazpik erabaki zuten babesa ematea. Concepcion Saezek, ordea, boto partikularra emanez, argudiatu zuen Llarenak epez kanpo eskatu zuela babesa, eta beste edozein kasutan atzera botako zutela kasua. Saezen ezezkoaren alde jarri zen Enrique Lucas letratua ere. Botere Judizialeko bokala da bera, baina ez talde iraunkorrekoa. Epez kanpoko erabakia dela esateaz gainera, beste argudio bat ere badarabil. Dioenez, CGPJren erabakiak Belgikako botere banaketa zalantzan jar dezake: "Gobernuak Belgikakoari eskatzen badio haren organo judizialetako batek espainiar epaile baten independentzia errespeta dezala, ez da errespetuz jokatzen ari Belgikako independentzia judizialarekiko. Argudiatzeko modu hori Zuzenbide Estatuaren ideiaren kontrakoa da, Belgikak aspalditik baitu bere oinarrian botere banaketa".
PP eta Ciudadanos
Dudarik gabe, independentista katalanen kontrako prozesua izango da datorren udazken-neguko gertakaririk garrantzitsuena Espainiako politikagintzan, eta PSOEk har dezakeen jarrera moldatzeko saiakerak eta presioak nabarmenak dira dagoeneko oposizioaren eskutik. Ciudadanosek legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Espainiako Kongresuan, eta espresuki eskatu dio gobernuari "babes eta laguntza osoa" eman diezaiola Pablo Llarenari. Albert Riveraren ustez, "betebehar demokratiko eta morala da legeak bete daitezen aurpegia eman dutenei babestea".
PPk eta Ciudadanosek —asken aldian nor baino nor eskuinago izan— duten norgehiagokan, urrats bat aurrera egin du PPk. Pablo Casadok, Llarena babestu ez ezik, Belgikako auzitegiaren kontra kereila daitekeen aztertzeko ere eskatu dio Espainiako Estatuko Fiskaltza Nagusiari. Horrez gainera, Senatuan mozio bat aurkeztu du Llarena babesteko.