2003ko apirilaren 8an hil zuten AEB Ameriketako Estatu Batuetako tropek Jose Couso kameralaria. Haren familiak borroka luzea abiarazi zuen, hilketaren errudunak zigortzeko asmoz, baina zazpi urteren ondoren, ez dute helburua lortu. Wikileaksen filtrazioen harira jakin da Espainiako eta AEBetako gobernuak elkarlanean aritu zirela Justiziaren jarduna oztopatu eta kasua artxibatzeko. «Iritzi publikoaren borroka», ordea, irabazi egin dutela uste du Joseren anaiak, Javier Cousok (Ferrol, Galizia, 1968).
Zein izan zen zuen lehenbiziko erreakzioa Wikileaksek filtratutakoaren berri izan zenutenean?
Hagitz gaizki sentitu ginen, izugarria delako horrelako gauzak zuzenean irakurtzea. Zerbait sumatu genuen lehenagotik, iturri zehatz batzuek jakinarazi baitziguten kasua trabatzeko lanean ari zirela, eta ikusten genuelako Fiskaltzak ez zuela deus egiten. Baina Espainiako herritar gisa ikustea AEBen eragina hainbesterainokoa izan daitekeela izugarria da. Koloniaren eta metropoliaren arteko harremana dirudi.
Gainera, dirudienez, PSOEk gobernura ailegatu eta gutxira izan zituen lehen harremanak AEBekin zuen anaiaren hilketari buruz.
Bai, Wikileaksen kableen arabera, hala da. Alde batetik, familiari bizkarrekoak ematen zizkiguten, PPk egiten zuena ikaragarria zela erranez eta beraiek justizia bilatuko zutela eta hori dena, baina bitartean sastakada prestatzen ari ziren. Politikaren zirku handia da hau: alde batetik irribarre egiten dute, eta bitartean herritarra laguntzarik gabe uzteko eta justiziarik ez egoteko konspirazioan ari dira.
Gobernura ailegatu zenean, Irakeko gerraren aurka zegoen alderdi bat zen PSOE, eta horrek itxaropen handia sortu zuen Espainian. Uste zenuten horrek eragina izanen zuela Joseren hilketaren kasuan?
Tira, gu ere oinak lurrean dituen jendea gara. Anitz harritu ginen, onerako diot, tropak Iraketik atera zituenean. Horregatik, uste genuen behintzat ez zigula trabarik eginen. Diskurtso horrekin, uste genuen gure aldean egonen zela, eta ikuspuntu geopolitikotik Espainiak gehiago estutu zezakeela, potentzia ertaina eta AEBen aliatua izanda: «Guk gauza batzuetan lagunduko dizuegu, baina zuek bertze batzuetan bete beharko duzue». Baina ez, ez zen aliatuen arteko harremana, basailutza harremana baizik. Ez genuen uste mendekotasuna hain handia zenik.
Salduta sentitu zineten?
Ni, ez. Zoritxarrez, banekien gauzak hortik joanen zirela. Baina agian, nire familiako kide batzuk salduta sentitu dira.
Zergatik uste duzue jokatu duela horrela Espainiako Gobernuak?
Haren asmoa hautesleriaren zati handi batekin ongi gelditzea zen, gure kausa erabat sostengatu zuelako. Wikileaksen filtrazioetan ere aipatzen da gobernuak zuen beldurra familiari aurre egiteko eta hautesleriarekin gaizki gelditzeko. PPk ere gezurra erran zigun, eta salatu genuen, baina harekin konfrontazio harremana eduki genuen beti. Bi alderdi handiek euren lehiarako erabili gaituzte, baina guk beti aldarrikatu dugu gure kausa ez dela alderdien arteko borroka bat, giza eskubideen aldeko borroka baizik.
Francisco Caamaño Justizia ministroarekin bilera egitekotan zineten, baina ez joatea erabaki zenuten.
Haiekiko konfiantza erabat hautsita daukagu. Soilik argazkia bilatzen zutela uste dugu. Berez, guk ez dugu izan inorekin biltzeko oztoporik. PPrekin bildu ginen, baita oraingo gobernuko kideekin ere. Baina iruzur egiten badigute, konfiantza galdu egiten dugu. Horregatik, gure abokatuak bidali genituen bilerara.
Gobernuko kideek diote, ordea, zuekin daudela eta justizia lortu arte lanean segituko dutela.
Hain zuzen ere, adierazpen horiek mindu gaituzte, eta horregatik uko egin genion bilerari.
Zertan da orain kasua?
Instrukzio bidean dago. Santiago Pedraz epailea Irakera joateko batzorde judiziala prestatzen ari da. Baina guk prozesu hori azkartzeko eskatu dugu, izan ere, Atzerri Ministerioa epailea presionatzen ari da joan ez dadin. Auzitegi Gorenak kasuari berrekiteko ebatzi zuen; beraz, has daitezela lanean oraintxe.
Wikileaksek kasuari eman dion oihartzunak zuen alde joka dezakeela uste al duzue?
Badakigu hagitz zaila dela AEBen harrokeria hori gainditzea, baina behintzat lortu dugu hiru hiltzaileek nazioarteko bilatze agindua gainean edukitzea. Gainera, historian lehenbiziko aldiz Interpolek uko egin dio epaile baten agindua betetzeari, baina espero dezagun Espainiako Gobernuak, egin duena egin eta gero, oraingoan presio egitea. Zuzenbide estatu batean bizi gara, AEBetako edo Israelgo militar batek hiltzen ez zaituen bitartean. Ez dugu irabaziko, baina hiru hiltzaileek Damoklesen ezpata gainean izanen dute bizi guztirako.
Javier Couso. AEBetako tropek Iraken hildako Jose Couso kameralariaren anaia
«Espainiako Gobernuarekiko konfiantza erabat hautsita daukagu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu